Joxe Arruti: "Izugarriko poza hartu dugu; ate bat ireki du Estrasburgoren ebazpenak"

Urola Kostako Hitza, Berria.info, Uztarria.com 2013ko urr. 21a, 10:15

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiaren helegitea atzera bota, 197/2006 doktrina baliogabetu eta Ines del Rio espetxean legez kanpo dagoela ebatzi du. Doktrina aplikatuta duten beste 59 presori, tartean Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiar presoari, eragin diezaioke epaiak. Auzitegi Nazionalak ostiralean aztertuko du Estrasburgoko epaia, eta bi bide har ditzake: erabakia ofizioz gauzatu eta presoak zuzenean askatu, edo preso horien abokatuek eskaerak egin arte urratsik ez egin. Paterraren anaia Joxek modu positiboan baloratu du ebazpena.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak atzera bota du Espainiaren helegitea eta 197/2006 doktrina baliogabetu du. Hori dela-eta, ebatzi du Ines del Rio berehala utzi beharko dutela aske "2008tik legez kanpo dagoelako espetxean". Aho batez hartu dute erabaki hori. 197/2006 doktrinak Europako Giza Eskubideen Ituneko 5. eta 7. artikuluak urratzen dituela esan dute epaileek, eta Ines del Rioren kasuan giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.

"Del Rio Pradaren auziaren inguruan, Areto Nagusiko gaurko sententzian, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak honako hau ebatzi du, eta behin betiko erabakia izango da: hamabost boto alde eta bi kontra dituela, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 7. artikulua urratu dela (legerik ezean zigorrik ez); aho batez, 2008ko uztailaren 3tik auzi jartzaileak ezarririko atxiloketa legez kontrakoa izan dela eta, hala, auzitegiaren 5. artikulua urratu dela", dio epaiaren inguruan bidali duten oharrak.

"Ez dago zigorrik legerik gabe", ebatzi du Areto Nagusiak 7. artikulua urratu dela argudiatzean. 197/2006 doktrina, Parot doktrina moduan ere ezaguna, Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zuen irizpide bat da, eta ez lege bat. 5. artikuluari dagokionez, Estrasburgok ebatzi du Del Rioren kasuan askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea urratu dutela, eta, horregatik, 30.000 euro ordaindu beharko dizkiote ordainetan,2012ko uztailaren 10ean Sala Txikiak ebatzi zuen moduan.

Areto nagusiko hamazazpi epaileetatik hamabostek bozkatu dute epailearen alde, eta soilik bik, kontra. Ebatzi du Del Riok 2008ko uztailaren 3an behar zuela aske. Orain lehenbailehen aske uzteko eskatu diote Espainiari. Bere erabakiarekin mugarri bat ezarriko du Estrasburgok Espainiaren espetxe politikan, baina Del Rioren aldeko epaiak beste presoentzat ere balio duen ikusteko dago.

60 preso inguru

Del Rio bezala daude gaur egun beste 59 preso inguru. Espetxealdia egun batetik bestera luzatuta ikusi zuten. Doktrina ezarrita duten presoek bataz beste 25 urte daramatzate espetxean. Gaur Estrasburgok hartu duen erabakiarekin aske geratuko dira Del Rioren aldeko epaia eurei ere ezartzen bazaie. Estrasburgoren epaia bete beharrekoa da Espainiarentzat, eta egin ezean, zigortzeko ahalmena du Estrasburgok. Auzitegi Nazionala da presoak aske utzi beharko dituena.

Egoera horretan aurkitzen da Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiar presoa. Paterrak 2009ko irailaren 10ean bete zuen ezarritako zigorra, baina 2010eko otsailean 1997/2006 doktrina (Parot delakoa) ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori dela-eta, 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra. Urola Kostako Hitza-k Joxe Arruti Paterra-ren anaiarekin hitz egin du, eta Estrasburgoren ebazpena modu positiboan baloratu du. Balorazioa irakurtzeko egin klik hemen.

Ostiralean aztertuko du Auzitegi Nazionalak Estrasburgoren epaia. Iaz Areto Txikiak Del Rioren kasuaz eman zuen epaia ezagutu zenean, beste euskal preso batzuk ere eskatu zuten aske uzteko. Bi bide har ditzake Auzitegi Nazionalak orain: erabakia ofizioz gauzatu eta presoak zuzenean askatzea, edo preso horien abokatuek eskaerak egin arte urratsik ez egitea. Oso litekeena da azken bide horri heltzea. Kasu horretan, berehala egingo lituzkete eskaerak abokatuek, eta gero, auzitegiak plenoan erabaki beharko luke zer egin.

Europa Press agentziak iturri judizialak aipatuta gaur argitaratu duenez, Auzitegi Nazionalak banan-banan aztertuko ditu helegiteak. Horrek, zerbait atzeratuko luke preso batzuen kaleratzea. Astero biltzen da plenoa, baina gerta daiteke bilera bakoitzean bost edo hamar bat presoren egoerak besterik ezin dituztela aztertu esatea. Kasu horretan, astero joango litzateke erabakiak hartzen, eta pixkanaka, multzoka askatuko lituzkete presoak.

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Estrasburgoko auzitegiak emandako erabakiaren inguruko balorazioa egin dute gaur eguerdian.

2012ko maiatzeko aldizkarian Arrutiren inguruko erreportajea kaleratu zuen Uztarriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide