Ostegunean bukatuko da Kros Mistorako izena aurrez emateko epea

Uztarria.eus 2013ko urr. 23a, 20:42

Ezkerretik eskubira, Andoni Etxeberria, Jon Garate, Pepe Turrillas, Nerea Etxeberria, Roman Azkue eta Manuel Unanue. (NEREA URANGA)

Zapatuan, urriaren 26an, egingo da aurten gizon-emakume bikoteentzako proba. Ikasberri Kirol Elkarteko antolatzaileek aurten ordu erdi atzeratu dute irteera eta 18:30ean hasiko da 6,7 kilometroko lasterketa. Aurten ere Euskal Selekzioaren alde egingo da krosa.

Hiru egun falta dira Azpeitiko Herriarteko 5. Kros Mistorako. Zapatuan, urriaren 26an, egingo da aurten gizon-emakume bikoteentzako proba, eta parte hartu nahi dutenei bihar, osteguna, bukatuko zaie izena aurrez emateko epea. Bai, behintzat, izen-ematea ohiko tokietan egin nahi badute: Azpeitian Aitzaki Kirolak, Aradi Kirolak, Santi Lazkano eta Mugi Kirolak dendetan, Azkoitian PB Sport-en eta Zarautzen NereSport-en. Internetez ere eman daiteke izena, www.herrikrossa.com webgunean.

Aurrez izena emanda, bikoteko 20 euro da ordaindu beharrekoa. Izena egunean bertan ematen dutenek, berriz, 30 euro ordaindu beharko dute.

Irteera ordua eta denborak neurtzeko sistema, berriak

Ikasberri Kirol Elkarteko antolatzaileek aurten ordu erdi atzeratu dute irteera eta 18:30ean hasiko da 6,7 kilometroko lasterketa. Irteera eta helmuga, beti bezala, plaza Nagusian izango dira, eta ibilbidea ere urterokoa izango da.

Ordutegiaren aldaketarekin batera, markak neurtzeko sistema izango da 2013ko Kros Mistoaren beste berrikuntza aipagarria. Izan ere, txiparen erabilera ordezkatuko duen sistema ezarriko dute zapatuko lasterketan, "kostuak txikituko" dituena, antolatzaileen esanetan.

Euskal Selekzioaren alde

Atzo, asteartea, aurkeztu zuten zapatuko lasterketa Ikasberri KEkoek. Antolatzaileekin batera, zapatuan parte hartuko duten Nerea eta Andoni Etxeberria anai-arrebak, Manuel Unanue Udaleko Kirol batzordeburua eta ESAIT-eko Pepe Turrillas egon ziren aurkezpenean. Izan ere, eta aurreko edizioetan bezala, Euskal Selekzioaren alde egingo da krosa.

Lasterkariei erraztasunak emate aldera, bestalde, aurten ere 4 eta 8 urte arteko umeei zuzendutako ludoteka zerbitzua jarriko dute antolatzaileek, 16:30etik 19:30era.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide