Igandean, hilak 27, Azpeitiko III. Xake Txapelketa jokatuko da 10:00etan hasita, udaletxeko arkupetan. Guztira, 12-13 taldek hartuko dute parte lehian, eta talde horiek, besteak beste, Azpeitikoa, Azkoitikoa, Donostiakoa, Zarauzkoa zein Abadiñokoa izango dira.
Xake taldea herrian
Azpeitian xake kluba sortzeko pausoak ematen ari da hainbat herritar, eta Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan izango du egoitza taldeak. Datorren asteazken edo ostegunetik aurrera hasiko dira elkartzen, eta xakean ikasi, jokatu edo lehiatu nahi duenak Udaleko Kirol Sailera zuzendu beharko du, taldearekin harremanetan jartzeko. Taldearen sustatzaileek azaldu dutenez, adin guztietako herritarrentzat izango da kluba, eta Aitor Elustondo izango da zuzendari edo koordinatzailea.
Taldea sortzearen helburua "Azpeitiak ofizialki taldea izatea eta txapelketetan parte hartzea" dela azaldu du Aitor Priya xake taldeko kideak. "Kluba sendotu eta xakerako zaletasuna sustatu nahi dugu", erantsi du. Azkoitiko Anaitasuna Xake Taldeari eta Azpeitiko Udalari eskerrak eman zizkion Priyak.