Igandea egun berezia izango da eskualdeko odol emaileentzat. Izan ere, urteroko legez, odol emaileen eguna ospatuko dute Loiolan, eta oroigarri banaketa eta bazkaria egingo dituzte, besteak beste. 11:45ean elkartuko dira Loiolan bertan, eta 12:00etako mezara joango dira basilikara. Gero, 13:00etan, batzarra eta oroigarri banaketa egingo dute. Ekitaldiaren ostean, Kirurin egingo dute bazkaria, 14;30ean hasita.
Batzarrean eta oroigarri banaketan Azpeitiko, Azkoitiko, Zumaiako, Zarauzko, Aizarnazabalgo, Errezilgo, Getariako, Itziarko, Zestoako eta Arroako bizilagunek hartuko dute parte. 33 izango dira oroigarria jasoko duten azpeitiarrak. Odola 50 aldiz emateagatik zortzi gizonezkok jasoko dute oroigarria, eta lau emakumek 40 aldiz emateagatik. Gainera, 21 gizon-emakumek jasoko dute 25 odol-ateratze egiteagatik dagokien oroigarria.
Azpeitiko Odol Emaileen elkarteak "eskerrak" eman dizkie urte guztian zehar odola eman duten herritarrei. "Herritarrek jakin behar dute odola emanda hainbat bizitza salbatzen dituztela, eta hori oso garrantzitsua da".