Pertsona gorrez osatutako elkarte artistiko kulturala da Manos K Rien. Donostian du egoitza, eta 2009an abiarazi zuten proiektua, entzumen arazoak sorrarazi ditzaketen trabak gainditu eta arte diziplina oro landuz gozatzeko asmoz. Bide batez, keinu bidezko hizkuntza hedatzeko eta, oro har jendea sentsibilizatzeko helburuarekin. Igande arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunean taularatuko dute beren ikuskizuna, hainbat obra txikiz osatuta.
Antzerkia, mimoa, dantza eta poemak uztartuko dituzte ikuskizunean. Guztira, sei lan aurkeztuko dituzte bata bestearen jarraian: Trapezista, Arrazismoa, Bideo deia, Esku madarikatuak, Arrantzalearen ipuina eta Euria, hain justu ere. "Mimika bidezko bi lan taularatuko ditugun arren, gainerakoak keinu lengoaiaz baliatuz kontatzen ditugu. Artista guztiak gorrak gara, eta hori da komunikatzeko dugun hizkuntza", jakinarazi du Manos K Rien elkarteko kide eta idazkari Rosa Maria Rodriguezek.
Irakurri erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-n