Antzerki Topaketetarako sarrerak zozkatuko ditu Uztarria Komunikazio Taldeak

Uztarria.eus 2013ko urr. 28a, 13:51

Antzerki Topaketetako antzezlan guztietarako sarrera bikoitz bat zozkatuko du Uztarriak bazkideen artean. Aurreneko zozketa ostegun honetan, urriak 31, egingo du, eta zozketan parte hartzeko galdera honi erantzun behar diote bazkideek:  Nork egin du XXXI. Euskal Antzerki Topaketen kartela?. Erantzunak uztarriazozketak@gmail.com helbidera bidali behar dira osteguneko 11:00ak baino lehen.

Uztarria Komunikazio Taldeak aurten ere Antzerki Topaketetako emanaldi bakoitzerako sarrera bikoitz bat du bazkideen artean zozkatzeko. Aurreneko zozketa ostegun honetan, urriak 31, egingo du Uztarriak; egun horretan hasiko dira-eta XXXI. Euskal Antzerki Topaketak, Gabrielen Lekua ikuskizunarekin. Urriko hiru asteburutan izango dira aurtengo Antzerki Topaketak, eta hainbat motatako antzezlanak izango dira ikusgai Soreasu antzokian, urriaren 31tik azaroaren 17ra bitartean. 

Aurreneko emanaldia, ostegunean, izango da. Gabriel Aresti Kultur Elkarteak Gabrielen Lekua antzezlana taularatuko du, 21:30ean hasita. Ostiralean HIKA taldearen Hitzak. Besterik ez. antzezlana izango da ikusgai, 21:30ean. Zapatuan, azaroak 2, berriz, Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu Papin Laborategiak elkarlanean Hamlet emanaldia estreinatuko dute, 21:30etik aurrera. Igandean, 18:00etatik aurrera, Patata Tropikala taldearen Mendiko Altxorrak haur eta helduentzako antzezlana izango da ikusgai.

Lau emanaldi horietako sarreren zozketan parte hartzeko, galdera honi zuzen erantzun beharko diote Uztarriaren bazkideek: Nork egin du XXXI. Euskal Antzerki Topaketen kartela?

Zozketa ostegunean, urriak 31, 11:00etan egingo du Uztarriak. Erantzunak ordurako bidali behar dira, uztarriazozketak@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Erantzunarekin batera, bazkidearen izen-abizenak eta telefono zenbaki bat jartzea derrigorrezkoa da.

Lehiaketa gehiago datozen aste eta hilabeteetan

Uztarria Komunikazio Taldeak gisa honetako lehiaketa gehiago egingo ditu datozen aste eta hilabeteetan, eta beraz, bizkor ibili eta egin zaitez Uztarriako bazkide! Horretarako klikatu hemen eta abantaila ugariz gozatu ahal izango duzu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide