– Ebakia eta kafesnea, mesedez.
Ez zuen ulertu zerbitzariak.
– Ebakia eta kafesnea, mesedez.
– ¿Me lo puedes decir en castellano?
– Un café con leche y un cortado.
Ez dakit hitzak ondo atera zitzaizkidan, harriduraren harriduraz. Gernika (edo Busturialdea) bezalako inguru euskaldunean, eta batzokian, ustez Euskal Herriaren eta euskararen aldeko leku batean, ezin nuen sinistu. Lasai hartzeko esan zidaten. Argi zegoen zerbitzaria kanpotik etorritakoa zela...
– Horiek ere badute lanerako eskubidea.
– Bai, noski. Baina ez da horrenbesteko lana tabernako lau gauza euskaraz esaten ikastea. Eta tabernaria baldin bada, ez al da lanaren barruan sartzen lau hitz horiek ikastea? Ez diot elkarrizketa luzerik eskatzen, baina gutxiengo bat... Eta Gernikan, eta are gehiago batzokian...
Arratsaldea ez genuen ondo hasi. Kafeari ez nion gustu handirik hartu. Bitartean, jende gehiago gerturatzen ari zen. Baita azpeitiarrak ere, mordoxka. Beñat Lizaso agertu zen, lagunekin. Aurreko saiotik ikusi gabe, oraindik.
– Aupa, Beñat! Gustura geldituko hintzen Legazpin, ala?
– Beno...
Ez zuen saio bete-beterik egindako sentsaziorik. Orokorrean saio txukuna egin zuela aipatu nion. Beñatek akatsak ere aipatu zituen. Eta horretan aritu ginen, eta prestakuntzaz, eta...
– Bada, pentsatu noraino irits haitekeen! Animo!
Horrela agurtu ginen. Segidan joan ginen ilarara, oraindik ez oso atzean.
Barruan leku egokia hartu genuen. Erdi-erdian, eta aurre xamar. Kanporako ate batetik ikusi egiten genituen bertsolariak, itxaroten. Jokin aurrena zela iruditu zitzaigun.
Hasi zen txapelketako doinua, eta bertsolariak Bernardo gai-jartzailearen atzetik. Lehena ez, azkena zen Jokin, seigarrena, alegia. Aurkezpenen ondoren etorri ziren agurrak. Jokinek lagunekin zuen zorra ordaindu gabe ez zela joango aipatu zuen.
Zortziko nagusian Julio Sotorekin suertatu zitzaion. Jokin ondo aritu zen, amaiera indartsuegirik gabe, baina bertsoa ondo ekarriz.
Zortziko txikian Jon Martinekin. Ez zuen asmatu lehenengo bi bertsoetan. Hirugarrena, oso polita. Gazi-gozo horrekin gelditu ginen.
Puntuen erantzunetan, surfaren inguruko gaia suertatu zitzaion. Hala moduz erantzun behar izan zuen. Ezin genion gehiago eskatu. Besterik gabe. Kitto!
Jone Uria zen hurrengo bikote laguna, sei puntuko motzean. Eta bikote papera hartu zuten biek, duela bi urte banatutakoak. Jokinek berriz elkarrekin bizitzeko proposatu zion Joneri. “Beste inorekin ez naiz sentitu zurekin bezala” bukatu zuen lehen bertso eder hura Jokinek. Saio oso-oso polita osatu zuen Jokinek, ofizioetako lanik ederrena eginda, Amets aparte utzita.
Amets beste maila batean dago. Atzo argi geratu zen. Beste guztien aldean tarte bat gorago da Amets. Eta ofizioz ofizio, saioa aurrera joan ahala, nabarmendu egin zen.
Eta hori ikusten genuen guk. Ofizio guztiak amaituta, Amets nagusi zela, beste guztiekiko alde handiarekin. Beste bost bertsolarien artean, ziur aski, ez zen alde handirik izango, baina hor zegoen Jokin. Ondo, txukun, sei puntutakoan alde pixka bat hartuta. Bigarren? Nik horrela neukan.
Kartzelakoa zen hurrengo eta azken gaia: “Denbora daramazu zure eskuei begira”. Denek ikuspegi ezberdinetik hartu zuten gaia, eta hori estimatu egiten da. Gai ezin egokiagoa suertatu zen kartzelako ariketarako.
Denek kantatu zuten Jokinen aurretik. Jokinek kalera bota zuten langilearen papera hartu zuen. Zazpi puntuko neurri zaila hartu zuen, baina hainbestean moldatu zen, ez gora ez behera.
Puntuazioak eman baino lehen, bukaerako agurrak luzatu zizkiguten bertsolariek. Jokinek Bertsozale Elkarteari eskerrak emateko erabili zuen, “ohore handi bat da zuetako bat gehiago izatea” loratuz.
Puntuen ordua zen. Amets, alde handiarekin, lehen. Bigarrenerako zalantza handiago zen. Izan zitekeen Jokin, izan zitekeen beste norbait, horrenbesteko alderik ez baitzen izan. Jokinek ofizioetan erakutsi zuen trebetasun handiena, baina kartzelaren puntuazioetan aldeak izaten direnez, beste norbaitek aurre har zezakeen. Azkenean, bigarren. Aupa, Jokin! Saio txukuna egin zuen. Bigarren finalaurrekoan erakutsiko ahal du oraindik gehiago emateko gauza dela!
Lagunekin elkartu zen saioa bukatu ondoren. Han, kanpoaldean, ikusi genuen.
– Zorionak, Jokin! Ondo ibili haiz.
– Batzuetan, ondo. Beste batzuetan, ez hain ondo.
Gustura zegoen Jokin. Eman dezakeena irudikatuta utzi izanaren arrastoarekin bezala. Guk badakigu gehiago ere eman dezakeela. Hurrengo saioan, agian? Han izango gara. Animo, Jokin!
Bitartean, Beñat animatzera joango gara Oiartzunera. Berak ere eman dezake. Animo, Beñat!