Medio hombre, medio guitarra da zure azken lana. Kontzertuak disko hori izango al du ardatz?
Azken diskoa aitzikia bat da kontzertuak eskaintzen jarraitzeko, nahiz eta emanaldietan ez naizen ari lan horretako abesti gehiegi jotzen. Oro har, nire musika ibilbideari errepasoa egingo diot. Kasu honetan, ez naiz gerturatuko musika talde osoarekin, baizik hirukote gisa, erdi akustikoan erdi elektrikoan. Nire seme Raimundorekin eta Lin Cortesekin partekatuko dut agertokia; hainbat gitarrarekin eta perkusioarekin ariko gara. Azkenaldian formatu horretan ari naiz, eta, egia esan, ez dakit gustukoago ez ote dudan. Intimoagoa da, eta benetan ongi dago. Nik biziki gozatzen dut.
Medio hombre, medio guitarra izenburuak, behintzat, zure burua deskribatzen du.
Hala da. Normalean, batetik bestera ibiltzen naizenean gitarra daramat beti gainean. Nekez ikusiko naute ezer gabe. Hori benetan arraroa da, eta diskoaren izenburuak hori islatu nahi du.
Raimundo gitarrarik gabe ez al da Raimundo?
Tira, Raimundo erdia da, kar-kar.
Beste erdia gitarra espainiarra al da, ala elektrikoa?
Zatituta daude proportzio berdinetan, gitarra flamenkoaren eta gitarra elektrikoaren artean.
Adierazpen hori entzunda Gerundina (bere gitarra elektrikoaren izena da) ez al da jeloskor jarriko?
Ez, egoera onartuta dauka. Dena dela, Gerundinak nire gitarrarik kuttunena izaten jarraitzen du. Tamalez, gordeta daukat azkenaldian, eta ez dut kontzertuetara eramaten. Egia esan, ez du zuzenekoetarako gehiegi balio; grabazioetarako egokiagoa da, eta jotzekotan, Remedios Amaya edo Lole bezalako artisten saioetan. Enrique Morenteren zuzeneko batean Gerundinarekin jo nuen, eta sekulako akoplea egin zuenez, abesti hura ez zuten diskoan sartu. Sekulako amorrua eman zidan. Harrezkero, gutxitan erabili izan dut kontzertuetan.
Elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.