Zorionak zapatuko manifestazioan izan zineten azpeitiarroi

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2013ko aza. 13a, 12:58

Ezer baino lehen, larunbatean kalean izan ziren ehunaka azpeitiarrak zoriondu nahi ditugu. Eguraldiak lagundu ez arren ez ginen etxean gelditu, eta adin, auzo, eremu eta inguru ezberdineko azpeitiarrok batu eta aspaldian herrian izan den manifestaziorik handiena egin genuen, herritarron eskubideen defentsan, benetako aldaketen eske.

Horrekin batera, azken asteotan eragile eta oso sektore desberdinen eskutik jasotako babes zabala azpimarratu nahi dugu. Horrek erakutsi baitu elkarlanetik eta elkarrekin soilik batu ditzakegula indarrak eta zabaldu ditzakegula bide berriak. Zentzu horretan, herritarren arteko elkarlanean sakontzea izango da gure helburuetako bat datozen hilabeteotan.

Herriko zenbait enpresa handiren itxierak eta beste zenbait ixteko arriskuak eragin nabarmena izan dute Azpeitian. Langabezia tasak gora egin du, eta herriko ekonomiari modu orokorrean eragin dio. Enpresa horien egoera konpontzea beharrezkoa ikusten dugu, beti ere langileen interesen logikan. Hala ere, larunbateko manifestazioan sakoneko aldaketen beharra jarri genuen mahai gainean. Arazoa oinarrian dago, gutxi batzuen interesen arabera antolaturiko eredu honek gehiengoaren galera dakar, eta hemendik eratorriak dira ondorio larrienak, enpresen itxierak, pobreziaren areagotzea, desjabetzeak, prekarietatea, osasungintzan eta hezkuntzan eginiko murrizketak, eta oinarrizko eskubideen ukazioa. Zentzu horretan zenbait komunikabidek emandako mezu nahasia eta desegokia aipatzekoa iruditzen zaigu.

Amaitzeko, Elkar-ekin taldea bide honetan jarraitzen saiatuko gara datozen denboretan. Gehien behar duten herritarrei laguntza soziala eskaintzea, egoeraren salaketa eta mobilizazioa, eta alternatiba justuen eta solidarioen bultzatzea izango dira gure erronkak.

Bide horretan, herritar orori irekiriko taldea izaki, denak gonbidatu nahi zaituztegu ostegunero 19:00etan Sindikatu Zaharrean egiten ditugun bilkuretan parte hartzera.

Mila esker guztioi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide