Intza Lizarazu: "Denak egongo bagina seguru denboraldia lehen bosten artean amaituko genukeela"

Intza Lizarazu, Zurt Taberna ISBko kapitaina. (ISB)

Zurt Taberna ISBko kapitainak uste du denboraldi hasiera honen gakoa taldean duten elkarren arteko konfiantzan dagoela.

Benetan pentsatzen zenuten horrelako denboraldi hasiera egingo zenutela, edo oraindik sinesten zabiltzate?

Oraindik ez dugu sinesten. Hiru urte daramatzagu Lehen Mailan eta lehen bi urteak nahiko gogorrak izan ziren. Aurreko urteetan beti irabaztera ohituta egotetik, neurketa gehienak galtzera pasatzea gogorra izan zen. Uste dut aurten taldea hobeto dabilela, hobeto ezagutzen dugulako elkar.

Baina ez da erraza izango dituzuen arazo guztiei aurre egitea.

Lesioak direla, beste batzuk ikasten kanpoan... entrenamenduetara 7-8 lagun azaltzen gara eta askotan hori baino gutxiago. Baina ahal dugun bezala dena ateratzen gabiltza eta juniorrek ematen diguten laguntza ere eskertzekoa da. Entrenatzaileak ere bere aldetik jartzen du, entrenamendu desberdinak antolatzerako orduan. Gainera, emaitzak lagun direnean, dena da errazagoa.

Entrenatzaileak ere badu bere zer esana orduan.

Guretzako aldaketa handia izan zen zazpi urte eta gero entrenatzaile berri batekin lanean hastea. Biekin oso gustura ibili gara, baina batak eta besteak ez dute zerikusirik beraien artean. Entrenamenduak ere desberdinak dira, baina uste dut lana oso ondo egiten gabiltzala aurten eta konfiantza geureganatu dugula. Lehenengo garaipena lortu eta bigarrenaren bila joan; bigarrenena lortu eta gero hirugarrena... oso gustura gaude.

Eta zein da sekretua?

Egia esan, uste dut orain arte ezagutu dudan Lehen Maila parekatuena dela aurtengoa. Talde guztiek dugu antzerako maila eta edozeinek irabazi edo gal dezake edozeinen aurka. Talde guztiek egin dezakete partidu ona. Guk igandean, adibidez, oso neurketa eskasa jokatu genuen. 40 minututan zonakako defentsa egin ziguten eta ezin saskiratuta ibili ginen, eta hala ere, irabaztea lortu genuen. Nire ustez sekretua da aurten aurreko urteetan baino elkarrekiko konfiantza gehiago dugula eta ez dugula sekula burua makurtzen; askogatik irabazten edo galtzen joan.

Taldean denbora gehien daramazun jokalaria zara, baita kapitaina ere. Aurten asko disfrutatzen zabiltza, ezta?

Bai. Eduki nituen urte batzuk neure buruarekin horrenbesteko konfiantzarik ez neukala, baina orain bost bat urte txipa aldatu nuen eta hortik aurrera entrenamendu eta neurketa guztietan topera disfrutatzera irteten naiz. Saskibaloia era batera edo bestera ikus dezake jendeak, garrantzia gehiago edo gutxiago eman. Niretzat, nire bizitzaren parte da eta garrantzia handia dauka.

Iraurgin neskekin lan ona egite da, ezta? Asteroko emaitzei errepasoa emanez gero behintzat...

Kiroldegira saskibaloi partidu asko ikustera etortzeko ohitura daukat hartuta eta beheko mailetan sekulako lana egiten da. Guri, adibidez, behetik etortzen direnek ematen diguten laguntza aparta da. Azpiko mailetan jokalari bikainak ditu Iraurgik eta horri eustea oso garrantzitsua dela uste dut. Iritsiko da garaia guri ere kirola uzteko ordua iritsiko zaiguna eta gazteek gutxika-gutxika lekua hartzen joan beharko luketelakoan nago.

Aurrekoan Joseba Lizarraldek esaten zigun beheko mailetan dagoen nibela ikusita Zurtek hurrengo urteetan gora egingo zuela.

Dudarik gabe. Hala ere, aurten ere talde osoa izango bagenu (Sara eta Maite min hartuta daude, Maitane kanpoan...) gorago bukatuko genukeela ez daukat dudarik. Egia da orain lehen postuan gaudela, baina denak egongo bagina seguru denboraldia lehen bosten artean amaituko genukeela. Guk ez daukagu kanpoko fitxaketarik. Denak hemengoak gara eta altuerarik ez badaukagu ere, korrika egiten dugu. Behetik indartsu datoz eta borrokarako grina berdina erakutsiko dute.

Eskerrik asko Intza eta bolada onak jarraitu dezala!

Eskerrik asko zuei eta ia jendea animatzen den larunbatean Azkoitiko kiroldegian Zurt Taberna ISB animatzera, bigarren sailkatuaren aurka jokatuko dugu eta!

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide