Azpeitiko Sortutik gure kezka azaldu nahi dugu Sevillako espetxean dauden euskal preso politikoek jada 16 egun daramatzatelako gose greba eta borrokaldiarekin. Urriaren 28an hasi zuten gose greba 11 euskal presok, kilo asko galdu dituzte eta batek bere osasun egoerak txarrera egin duela-eta bertan behera utzi du protesta. Espetxe horretan itxialdiak eginez borrokaldian dira beste bi preso ere, tartean Jabi Agirre azpeitiarra. Lehenik eta behin, besarkada dat bidali nahi diogu Jabiri eta bere senide eta lagunei.
Presoek Sevillako espetxean pairatzen duten tratuaz kexatzeko eta bizi dituzten muturreko bizi-baldintzak salatzeko hasi zuten borrokaldia. Espetxean jasaten ari diren eskubide urraketen zerrenda luzea da, isolamendu ziegan ordu kopuru luzeak egonaraziz, ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten, miaketa etengabeak, jipoiak, ukimenezko miaketak gorputz osotik... tentsio une handiak bizi dituzte.
Egoera honen aurrean, Espainiako Gobernua ezartzen ari den espetxe politika salatu nahi dugu inoiz baino ozenago eta larriago. Onartezina da horrelako bizi-baldintzetan mantentzea Euskal Preso Politikoak. Biderkatu ditzagun euskal preso politikoen eskubideen aldeko indarrak eta elkartasunetik pasa gaitezen konpromisoak hartzera, horrela bakarrik lortuko baitugu beraien zein senide eta lagunen eskubideak errespetatzea.
197/2006 doktrina ezabatu badute ere, ezin dugu ahaztu ehundaka preso eta iheslari daudela beraien eskubideak urratuta, egoera gogor eta zailetan. Konponbiderako garaia da eta lanean gogor jarraitu behar dugu euskal preso eta iheslariei euren eskubideak errespetatu eta guztiak etxeratu arte!