Ez naiz ehiztaria. Ehiztariak ez garenon eskubideengatik

Udazken betean gaude, dagoeneko udako luzeak atzean utzita. Dena den, aurtengo urriak hego haizeko egun mordoska utzi dizkigu, negura bitarteko bidea leunduz. Garai honek natura ikuspegi berrituarekin begiratzera gonbidatzen gaitu, patxadaz, basoetan sortzen diren kolore magikoez gozatzera hurbiltzera animatuz.

Dena den, gizaki guztiok ez dugu natura eta bereziki udazkena begi berdinekin ikusten; besteak beste, ehiztariak ere une berezi honen zain egon dira, naturarentzat eta naturazaleontzako kaltetan.

Urtero ehizak 50 milioi animaliaren heriotza eragiten du Iberiar penintsulan. Ingurumena pozoitzen du, berunezko eta plastikozko 6.000 tona perdigoi lurrean zabalduz. Naturguneak hesiz betetzen ditu, fauna basatiari libre mugiaraztea galaraziz. Fauna autoktonoa desagertzea bultzatzen du: kontrol gabeko espezieen sueltak eginez, edota oraindik oso zabalduta dauden zepoak, pozoiak eta abar erabiliz depredadore naturalak akabatzeko asmoz. Animalien tratu txarra eragiten du, ez bakarrik ehizaren biktimengan, baita ehiztariak eramaten dituzten txakurrengan ere.

Ehiza den jarduera oldarkorrarekin alderatuz, egunez egun gehiago gara natura era baketsuan eta errespetuz bizi nahi dugun jendea. Jarduera hauek dibertsifikatzen ari dira eta landa guneetan ekonomia sustapena bultzatzen dute: mendizaletasuna, zaldi ibilbideak, mendi bizikleta, senderismoa, piraguismoa, hegaztien ezagutza... Baina, ehiza garaiean, erregulazio eta kontrol falta direla-eta, aurrez aipatutako jarduera horiek ezin izaten ditugu lasaitasunez bizi.

Ehizak jendeari naturguneetan ibiltzea galarazten dio, naturguneetatik urrunaraziz eta ingurumenaren arduradun diren hainbat aktibitate galaraziz. Guztiok dugu ingurumena zaintzeko betebeharra, baita ingurumenaz gozatzeko eskubidea ere, baina hori ezinezko bihurtzen da mendiak eta basoak ehiztariz beteta daudenean. Horregatik, ehiztariak ez garenok manifestu bat aldarrikatzen dugu:

- Publikoki adierazten dugu ehiztariak ez garela.

- Naturaz gozatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, ehiztarien tiro mehatxuaz libre sentitzeko moduan.

- Naturguneetan lasai ibiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugu ehiztariek sortzen dituzten restrikzio eta oztopoez libre.

- Naturguneetan kalterik eragin gabe eta inor molestatu gabe ibiltzeko konpromisoa hartzen dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide