Baigeraren Jubilatuen Aste Nagusia astelehenean hasiko da

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko aza. 15a, 16:31

Azaroaren 24a bitartean, egunero izango dituzte ekintzak herriko erretiratuek. Irteeretan eta azken eguneko bazkarian parte hartu nahi dutenek izena aurrez eman behar dute Baigeraren bulegoetan.

Datorren astelehenetik igandera, azaroaren 18tik 24ra, Baigera Jubilatuen Elkarteak erretiratuen Aste Nagusia antolatu du. Astearen baitan era askotako egitasmoak izango dituzte: karta joko txapelketak, Donostiara irteera, hitzaldiak, txokolate-jana, mendi irteera... Azaroaren 24an, igandean, berriz, asteko egun nagusia izango dute kalejira, hamaiketakoa, meza eta Kiruri jatetxean egingo duten bazkariarekin.

Aste Nagusiko ekitaldiak astelehenean hasiko dituzte, 16:00etan, Baigera Ien eta Baigera IIn, karta joko txapelketekin. Asteazkenean ere karta jokoa izango dute. Asteartean, berriz, San Telmo Museora irteera antolatu dute eta handik Aginagako sagardotegira joango dira. Irteeran parte hartzeko izena Baigeraren bulegoan eman behar da eta pertsonako 12 euro ordaindu beharko da.

Mendi irteera ere bai

Azaroaren 23rako, zapatua, Etumeta-Sañu-Korostieta-Barrenola arteko mendi ibilaldia antolatu dute eta han parte hartzeko izena ere Baigeran eman behar da.

Ibilaldiaren xehetasunak ere eman dituzte Baigeran: "Goizeko 9etan Astotegian autobusa egongo da, Erdoiztako bidegurutzera joateko. Handik oinez Etumetara, Txapel baserritik Xaberrira joango dira, handik Sañu mendira  igotzeko. Joxe Lizaso bertsolariaren omenezko oroitarria bisitatu ondoren, lagunarteko argazkia atera eta, Arauntza mendia zeharkatuz, Premi Etxeberrira jatsi eta Barrenolan berriz autobusa hartuko dute.

Ohitura onei jarraituz, hamaiketakoa ez da faltako, Kostite baserrian egingo dute. Ibilaldiak ez du zailtasunik, hala ere mendiko oinetakoa eta arropa eramatea gomendatzen da".

Asteko egitaraua

Astelehena, azaroak 18

  • 16:00. Karta jokoak. Eskoba Baigera Ien eta tutea Baigera IIn.

Asteartea, azaroak 19

  • 14:30. Ibilaldia Donostiako San Telmo Museora, eta ondoren Aginagako sagardotegira.

Asteazkena, azaroak 20

  • 16:00. Karta jokoak. Mus azkarra Baigera Iean eta punttoa Baigera IIn.

Osteguna, azaroak 21

  • 16:00. Hitzaldia: Azpeitia ezagutzen. Hizlaria: Olatz Aranguren Juaristi. Tokia: Baigera Ieko aretoa.
  • 16:00. Txokolatada, Eguneko Zentroan.
  • 18:00. Txokolatada Baigera I eta IIn.

Ostirala, azaroak 22

  • 17:00. Bingoa.

Zapatua, azaroak 23

  • 09:00. Mendi ibilaldia: Etumeta-Sañu-Korostieta-Barrenola.

Igandea, azaroak 24

  • 09:15. Kalejira.
  • 11:00. Hamaiketakoa, Baigera Ien.
  • 12:30. Meza parrokian, hildako bazkideen alde, eta omenaldia 90 urte betetzen dituztenei.
  • 14:15. Bazkaria Kiruri jatetxean eta opari banaketa omenduei. Joan-etorria egiteko autobus zerbitzua egongo da: 13:00etan eta 14:00etan abiatuko dira autobusak Astotegitik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide