Sentsazio positiboak berreskuratzen hasita, lehen garaipena lortu izanak ematen duen konfiantzarekin bidaiatu dute Galizia aldera Azpeitia Azkoitia ISBko jokalariek. Lehenaren atzetik bigarrena etortzen omen da eta horren bila jo dute gaur Marín Peixegalegoren aurka, jakinda baina, neurketa gogorra jokatu beharko zutela eta momentu onenetan ezaugarri moduan erakutsi izan duten jokoa atera beharko zuketela euren helburua lortzeko aukerak izateko.
Ideiak garbi izatea benetan izaten da garrantzitsua baina batzuetan gauzak ondo nola egin jakinda ere, ez dira nahi bezala irteten. Gauzak ongi egin beharraren presioa dela edota kontrarioak sortzen duen presioa dela eta hutsak etor litezke eta neurketa hasieran horixe gertatu zaio Azpeitia Azkoitia ISBri. Baloi galdu batzuk tarteko, agintzen hasi dira etxekoak eta 6 puntuko abantailak izatera heldu dira. Honi aurre egiten jakin izan dute baina Iker Buenorenek eta batez ere barruko jokoari esker neurketa parekatzen jakin izan dute. Zailena eginda zegoela zirudien eta lehen laurdeneko azken minutuan 7 eta 1eko partziala eginda alde egin dute etxekoek 23 eta 14 amaitu arte. Kolpe handiegia izan da hori gipuzkoarrentzat eta etxekoen nagusitasunaren aurrean ezintasunak jan ditu. Zyle kantxara irten eta puntuak berriz sartzen hasi da Iraurgi, nolabait zauria pixka bat itxiz. Lituaniarrak bakarrik baina ezin izan du talde galiziar denarekin. Joseba Aranburu gelditzea gainera ezinezkoa zirudien eta beste olatu talka batekin 21 puntuko aldea zabaltzera iritsi da Marín Peixegalego. Atsedenaldira 49 eta 29.
Errebotean oso nagusi ziren etxekoak eta hortik hobetzen hasita aurreko asteko jokoa berreskuratzea behar zuen izan helburu Iker Buenoren mutilentzat. Baina nahia eta ezina bat izan dira. Aranburu ez zenean Homs zen nagusitzen zena, bai atzean erreboteetan eta baita aurrean puntuak eskuratzerako orduan. Azpeitia Azkoitia ISB Zyle zen aurpegia ematen zuen bakarra. Aipagarria da 24 minutu pasata barruko hiru jokalarien artean 4 errebote bakarrik eskuratu izana gipuzkoarren partetik eta guztiak Zylek eskuratuta. Jakina da jokalari bakarrak ezin duela talde oso baten aurka eta Lander Lasak, kapitain lanetan aginte makila hartu nahi izan du lituaniarrari esku bat botatzeko asmoz. Taldeak kapitainari jarraitu eta talde moduan jokatzen hasi da. 2 eta 16ko partziala lortu dute ISBkoek eta bete betean sartu dira partidan. Jaurtitzaileak asmatzen hasi dira eta Zyle jaun eta jabe bihurtu da taula azpian. Hirugarren laurdenaren amaieran 63 eta 60. Dena erabakitzeke zegoen baina behetik gora zetorren Azpeitia Azkoitia ISB eta laurdena notizi on batekin hasi du: Joseba Aranbururen laugarren falta. Agintzen hasita zeuden gipuzkoarrak, baina etxekoek partida nolabait parekatzea lortu dute. Saskiratze trukaketan Adon hegaleko dominikarra izan da galiziarren erreferentzia, Uclés berriz kanpokoena. Momentu erabakigarrietan urduritasuna hasi da nagusitzen eta uzkurtu egin dira eskumuturrak. Puntuak lortzea zail zegoen eta jaurtiketa libreen marratik ere nahi baino gutxiago asmatu da. Hala ere pare-parean heldu dira azken segundoetara. 5 segundoren faltan puntu bategatik irabazten zuten etxekoek eta Azpeitia Azkoitia ISBk izan duen azken aukeran, gaur egundoko neurketa burutu duen Zylek ez du hiruko marratik asmatu eta etxean gelditu da garaipena: 76 eta 75. Min egiten duen porrota, 21 punturi buelta emateko kapaz izan baitira Iker Buenorenak. Hala ere, lanean jarraitu beharra dago.
Saskiratzaileak: (23-14/49-29/63-60/76-75)
MARIN PEIXEGALEGO: Ferreiro (2), Gonzalez (10), Aranburu (13), Homs (15) eta Rapier (9) –hasierako bostekoa- Suarez (5), Garcia, Podkovyrov, Fernandez (3), Adon (9), Belemene (1) eta Dirugeris (9).
AZPEITIA AZKOITIA ISB: Assalit 6(), Arruti (9), Uclés (15), Zyle (24) eta Lasa (11) –hasierako bostekoa- Zubizarreta, Ibargutxi (3), Guridi (5), Okoye (2) eta Sow.
MVP: Zyle (34)