Olatz eta Orkatz, libre

Uztarria.eus 2013ko aza. 18a, 12:02

Zapatuan ospatu zuen hainbat herritarrek Libre Eguna. Egun osoko egitaraua prestatu zuten zapaturako, eta goizean herriarteko herri-kirolekin (Azpeitiarrak zestoarren kontra) hasi eta gauean kontzertuekin bukatu ziren ekimenak. 

Madrilgo Auzitegi Nazionalean urrian abian jarri ziren bi makroepaiketetan auzipetutako herritarrei babesa emateko antolatu zuten Libre Eguna. Orkatz Kultur Elkartea 35/02 sumarioan edo herriko tabernen auziaren barruan ari dira epaitzen, eta Olatz Izagirre, berriz, 26/11 sumarioan, 2009ko Segiren aurkako sarekadaren ondoren auzipetutako 40 gazteei eragiten dien epaiketan.

Zapatuan, herri bazkariaren ostean, arratsaldean, 18:00ak pasatxoan, Eskutik eskura dabilen harriari goroldiorik ez... ekimena egin zuten 550 bat herritarrek. Errebaletik eta Gaztetxearen paretik hasita, harri bana pasatu zuten alde bakoitzean zeuden herritarrek eskuz-esku. Harriok behin plazara iritsitakoan ekitaldia hasi zen, eta Xabier Arrizabalaga Enbortxo Orkatzeko lehendakariari eta Olatz Izagirreri pasa zizkioten harri horiek.

Hemen herri kirolen baitan jokatu zen trailerraren erronkako bideotxoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide