Glaziazio aro baten hotzikarak

Pako Aristi ('Berria') 2013ko abe. 2a, 10:56

Grazia egin zidan Azpeitiko erlojulariak bota zidan zirtoa aspaldiko monotemari buruz ari ginelarik: "Bueno, hi ohituta egongo haiz, zuek beti krisian bizi izan zarete eta. Hori heure alde!". Bai, hori neure alde. Baina adar-jotzeak denboran atzera eraman ninduen, 20 urterekin lehen liburua argitaratu nuenera, nik orduan neuzkan ametsak bestelakoak baitziren.

Idazle profesionala izan nahi nuen. Garai hartan Bernardo Atxaga zen horrelakorik esatera ausartzen zen bakarra, eta haren anparoan, haren laguntzarekin ekin nion bideari, gaztaroko laineza apartsuan behar adina eskertu ez niona, bestalde. Joan bekio hemendik zor zahar baten ordain zinezkoa.

Baina hasi ginen adabakiak josten: argitalpen kontratuak, eskubideen kobraketa, hitzaldi ordainduak, Euskal Idazleen Elkarteak eskaintzen zigun babes ekonomikoa eta juridikoa… lanari ez nion beldurrik, nire hatzak teklen gainera jaurtitzen zituen energia agortezina zen, eta gainontzekoa ilusioak konpontzen zuen. Idazketa osatzera zetozen lanbideak ugariak zirela iruditzen zitzaidan; edo agian bizitzeko moduak ziren ugariagoak gaur baino.

Sinesten nuen, idaztera dedikatu arren, bizitzan progresio ekonomiko bat ezagutuko nuela, eta 50 urte inguruan egonkortasun bat iritsiko zitzaidala, Monet, Renoir edo Zumetaren kasuan bezala.

Berehala jakin nuen ez nengoela bakarrik, ez nintzela pieza bakarra, liburua gizartean kokatzera daraman autopista horretan. Hiru direla kultura biziaren osagarri: gizartearen babes egokia, batetik; sortzailearen nortasunari dagozkion ezaugarriak, bestetik; eta proposamen kulturalei ematen zaien sinbologia, azkenik. Kultura da herri bat sano dagoela adierazten duen termometroa; kultura, ez kirola, ez gastronomia. Eta kulturaren barruan hizkuntza: herri batek bere hizkuntza propioari zentralitatearen mapan eskaintzen dion lekua.

Glaziazio aro baten hotzikara lizunak bizi ditu Euskal Herriak orokorrean, eta euskal kulturak partikularrean. Euskalgintza kiebran dago. Herri baten existentzia bermatzen duen lehen araua hautsia geratu da: bere buruarekiko maitasuna, bere sortzaileak babestera eta hauen profesionaltasuna erraztera daramana. Amodio horren formulazio ekonomikoak ere huts egin du, ez da kapitalizatu kontenido interesgarriak eskain ditzakeen jendearen lana. Euro apur batzuekin edo zuzenean 0 eurorekin ordaintzen diren lan eskaintzak anormalki ugaritu dira, normalizatzeraino. Euskara kapitalista bat nahi nuke, baina euskara komunista bat baino ez daukagu, komunitarioa, doakoa.

Elkarrizketa triste batzuk irakurri ditut aspaldian, baina are tristeagoa izan da horien aurreko erreakzio eza. Arantxa Urretabizkaiak izan zuen duela urtebete denon lotsa anker bat puskatzeko ausardia. Pobrea izan denak badu erraietaraino sartutako lotsa baten narraztia, gauzak ondo doazenean bera gutxiago ez dela frogatu nahiak erokerietara daramana, eta, txanpon beraren ifrentzu modura, gauzak gaizki daudenean bera hain gaizki ez dagoela erakusteko disimulu otzan batean kokatzen duena. Zaila da azpiratutako klase sozialean hazitakoarekin ezer handirik egitea, lehenengoa izango delako kreditu burugabeak eskatzen, eta azkena hondoratze larria aitortuz protesta egiten.

Horregatik gustatu zitzaidan Urretabizkaiaren xalotasun naturala Argian zera aitortu zuenean: "Goizetik gauera mileurista bihurtu nintzelako bukatu nuen 3 Mariak. Badakit horixe dela askatasunaren prezioa. Badakit estutasun horiek dauzkala aske bizitzeko hautuak".

Natxo de Felipe maiatzean biluztu zen Berria-n bertan: "Euskararen munduan ibiltzeak badu militantzia zama ukaezin bat. Polita litzateke esatea egoera aldatu dela eta orain aldeko daukagula, baina ez". Eta aurrerago: "Ni intseguritate absolutuan bizi izan naiz, nire emaztearen soldatari esker". Eta gehiago esango du: "Gu ez gaude bukatzeko asmotan, egoera dago gu akabatzeko puntuan". Eta gailurretik oihu egingo du: "Egoera latzenetan ere erantzuteko ahalmena asko txikitu da. Indarra galdu da".

Abuztuan Unai Elorriaga izan zen, Berria honetan bertan, agur moduko bat iragarri zuena, idazle profesional izateari utzi diola aitortuz. Joxean Agirrek urrian salatu du, Garan, Alberdania argitaletxearen itxieraren aurreko indiferentzia: "Niretzat oso albiste gogorra da, eta uste dut ez duela behar besteko sona eduki". Arrapaladan hazten doan akulturarizioan gero eta gutxiago inporta zaizkigu geu garena definitzen duten gauzak.

Patxi Zubizarreta ere idazteari utzi diola gezurtatzen ibili da, gaizki ulertua izan zen bere artikulu baten harira. Baina grabeagoa da puntako idazle batek idazteari uztea sinesgarri egin digun egoera batera iritsita, aharrausi egitea besaulkian etzanda.

Tori urriaren 19ko titularra Berria-n: "Euskal musikagintzaren industria hilzorian dagoela salatu dute". 35 enpresa biltzen dituen Musika Industriaren Elkarteak eman zuen prentsaurrekoa: "Ez gara paisaia apokaliptikoa deskribatzen ari, hau errealitatea da. (…) Urte askotako lana desagertzeko zorian dago". Euskal kultura defendatzeko plan estrategiko bat eskatu dute, baina inork ez die jaramonik egin, erakundeek ez ei dituzte beharrezkotzat hartzen: "Kultur industriak ez du biderik gure herriaren etorkizunean parte hartzeko".

Izenburu hau zekarren berriki El Diario Vascok: "Patxi Baztarrikak euskararentzat leku bat eskatzen du Europan". Sano bageunde, izenburu egokia hau litzateke: «Patxi Baztarrikak estatu propioa eskatu du euskarak lekua izan dezan Europan". Hori delako halakorik erdiesteko bide bakarra, beste guztia engainua baino ez da.

Durangoko beroaldia dator orain; zainketa paliatiboen astea. Ezinezko lana, euskal kultura oxigeno-hodiekin bizirik mantentzeko eginahala. Lehengoan Azpeitiko nire etxetik atera eta Donostiara joan nintzen. Sei aldiz ekin nion euskaraz leku eta erakunde ezberdinetan, sei aldiz arrapostu zidan espainolez solaskideak. Milioi bat hiztun dituen hizkuntzan, jostorratz sentitu nintzen gure hizkuntza deserriratuaren lasto artean. Barka: gure hizkuntza nazioartekoaren sare birtualean. Ondorio praktikoetarako, berdin dio.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide