Esperantza "justizian" dutela gogoratuko dute Inaxio Uria

Uztarria.eus 2013ko abe. 2a, 11:27

Bihar, asteartea, bost urte beteko dira ETAk azpeitiar enpresaria hil zuela; elkarretaratze isila egingo dute senide eta lagunek 13:00etan, enpresari zena oroitzeko jarritako oroitarriaren aurrean.

ETAk duela bost urte hil zuen leku berean gogoratuko dute Inaxio Uria bihar, asteartea, enpresari zena oroitzeko jarritako oroitarriaren aurrean, Loiola auzoan. Aurten ere, elkarretaratze isila egingo dute, 13:00etatik aurrera.

Herenegun egin zuen familiak astearterako deialdia, eta han adierazi dutenez, esperantza erantsi nahi diote, "pixkanaka", orain arteko sufrimenduari: "Esperantza, ahanzturarik gabeko gizarte bat eraikitzeko aldaketa prozesuan, memorian eta justizian. Beti legearekin batera ez doan justizia horretan".

Uria 2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk, tiroz, Kiruri jatetxearen atarian, 13:00ak aldean. 71 urte zituen, eta Altuna y Uria eraikuntza enpresan (AHTko lanetan zebilela nabarmendu zuen ETAk) ziharduen lanean, erretiratuta egon arren.

Orain garai "nahasiak" direla diote, eta "hainbeste sufrimendu eragin dutenek beren zigorra osorik betetzea" dela beraientzat garrantzitsuena, izan ere, "beraiek dira presioa sentitu behar dutenak, eta ez gu". "Eskerrak eman nahi dizkiegu haren galera, injustua eta bortxazko izan zela iritzita, benetan sentitu zuten guztiei, eta lehen egunetik hilketak letra larriz gaitzetsi dituzuen guztiei". 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide