Uztarria Komunikazio Taldeak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako bertso-porra antolatu du. Abenduaren 15ean, igandea, jokatuko da finala Barakaldoko BEC-en, eta hauek dira txapelaren bila ariko diren zortzi bertsolariak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi.
Saria edo sariak, eta zozketa
Uztarriaren bertso-porran sari bila ahalegindu nahi dutenek egin beharrekoa, finaleko sailkapena asmatzea izango da. Txapeldunarengandik hasi eta zortzigarren sailkatura bitarteko izenen hurrenkera asmatzen duenak, izen-ematearekin bildutako diruaren %60a irabaziko du.
Denak asmatzen dituen parte-hartzailerik ezean, sailkapen orokorrera gehien gerturatu denak jasoko du saria (goiko postuetatik hasita). Berdinketarik egongo balitz, diru-saria horien artean banatuko da.
Gainera, porran parte hartzen duten guztien artean Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako afaria zozkatuko da.
Jasotako diruaren %40a, berriz, Uztarriarentzat izango da.
Izen-ematea eta epea
Apustu bakoitzak 10 euro balio du. Izen-ematea Uztarriaren egoitzan, Etxe Zurin, Korralen, Orkatzen, Amaian, Sanagustinen, Iraurgi SBn, Jim Clarken eta Izaron egin daiteke. Izen-emate orria webgune honetatik ere har daiteke.
Uztarriaren bertso-porran parte hartzeko epea finalaren bezperan bukatuko da, abenduaren 14an, 17:00etan.
Animatu eta egin apustu, potorik gabe!