Gipuzkoako Txapelketa ere jokoan izango da igandeko XVI. Ikasberri Krosean

Uztarria.eus 2013ko abe. 11a, 19:14

Ezkerretik eskubira, Xabat Manzisidor, Luis Zabala (Ikasberri KEko atletismo arduraduna), Manuel Unanue eta Asier Cuevas.

10:00etan hasita, federatu zein eskolartekoen bederatzi lasterketa jarraitzeko aukera izango da ikastolaren inguruko zelaietako zirkuituan. Antolatzaileek gonbidapena luzatu diete herritarrei, "goiz polita pasatzeko aukera izango da eta".

Atletismo zaleek hitzordua dute igandean, abenduak 15, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren inguruko zelaietan. Azken hiru edizioak bezala, han jokatuko da XVI. Ikasberri Krosa eta, gainera, aurten Gipuzkoako Kros Txapelketa ere jokoan izango da Azpeitiko lasterketan.

Ikasberri Kirol Elkarteak astearte iluntzean aurkeztu zuten igandeko proba, Xabat Manzisidor eta Asier Cuevas korrikalariak eta Manuel Unanue Udaleko Kiroletako batzordeburua ondoan zituztela. Igandekoa Ikasberri Krosak Gipuzkoako Txapelketa hartuko duen hirugarren aldia izango da. 2000. eta 2005. urteetan ere Azpeitian erabaki ziren Gipuzkoako txapelak; Euskadiko Kros Txapelketa ere bitan jokatuta dago Ikasberrikoarekin, 2003an eta 2009an.

Antolatzaileek azaldu zuten moduan, azken urteetan Gipuzkoako Txapelketa beti Lasarteko Krosarekin batera jokatu izan da, "baina hainbat elkartek bat egin dugu Federazioari lehengo sistemara itzultzeko eskatzeko, txapelketa urtero herriz herri txandakatzeko, alegia. Eta Gipuzkoako Federazioak aurtendik hasita hala egitea erabaki du".

Asier Cuevasek ez du parte hartuko aurtengo proban, baina lasterketa nagusian parte hartuko duten atleten maila goraipatu zuen. "Faboritoen artean" aipatu zituen, besteak beste, Eneko Agirrezabal, Yeray Varela eta Jose Antonio Blanco Txuri, gizonezkoetan, "aspaldiko partez lehiatuko den Kamel Ziani ahaztu gabe". Emakumeen txapela janzteko, berriz, Ainhoa Sanz ikusten du Cuevasek besteen gainetik. Xabat Manzisidorrek bai hartuko duela parte igandeko krosean. "Goenako zirkuitua gehiago gustatzen" bazitzaion ere, "biak gustuko" dituela esan zuen aurkezpenean, azken egunetako eguraldiarekin eta astebururako iragarpenekin akaso "lokatza pixkat faltan" izango badu ere.

Espero den eguraldia lagun, hain zuzen ere, Ikasberri KEko antolatzaileek gonbidapena luzatu diete herritarrei, "goiz polita pasatzeko aukera izango da eta".

Lasterketen ordutegiak

10:00etan hasita, federatu zein eskolartekoen bederatzi lasterketa jarraitzeko aukera izango da igandean ikastolaren inguruko zelaietako zirkuituan. Zirkuituaren barruan bi ibilbide prestatuko dituzte aurten ere, itzuli txikia (1.100 metrokoa) eta itzuli handia (1.700 metrokoa). Hauek dira XVI. Ikasberri Krosaren lasterketen ordutegiak eta neurriak:

  • 10:00. Mutil helduak eta kadeteak, 4.600 metro (itzuli txiki bat eta bi itzuli handi)
  • 10:25. Neska helduak eta kadeteak, 2.800 metro (itzuli txiki bat eta itzuli handi bat)
  • 10:45. Jubenil mutilak eta junior neskak, 3.900 metro (bi itzuli txiki eta itzuli handi bat)
  • 11:05. Alebinak, neska eta mutil, 1.100 metro (itzuli txiki bat)
  • 11:35. Infantil neskak, 2.200 metro (bi itzuli txiki)
  • 11:55. Infantil mutilak, 2.800 metro (itzuli txiki bat eta itzuli handi bat)
  • 12:15. Jubenil mutilak, junior mutilak eta absolutu neskak, 5.600 metro (bi itzuli txiki eta bi itzuli handi)
  • 12:45. Absolutu mutilak, 9.000 metro (bi itzuli txiki eta lau itzuli handi)
  • 13:20. Benjaminak, neska eta mutil, 700 metro

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide