Zer dago afaltzeko?

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitzako 'Arkupean'-en 2013ko abe. 12a, 12:54

Barkatuko didazue. Oraingoan data hauek, Gabonak, gertu ditugunean lantzen diren ohiko gai horiekin nator.
 
Badirudi abenduan sartu ahala denoi horrelako arima solidario bat pizten zaigula gure barnean. Laguntzeko prest agertzen gara, herrigintzako ekintzetan parte hartzeko gertu, behar dutenei dirua eskaintzeko prest. Agian, abenduan egin ohi den urteko  balantzea edo errepasoa egiterakoan gure kontzientzia lasai lagatzeko egiten ditugu horrelakoak, nork daki.
 
Aurtengo balantzea egiterakoan, gizarteari begira behintzat, ez da urte erraza izan. Murrizketak, itxierak, langabezia, pobrezia, prekarietatea eta beste hainbeste izan dira aurten gehien errepikatu diren hitzetako batzuk; urte gogorra. Ez dakit 2014a  hobea izango ote den, baina hala espero dut.
 
2013. urteko azken egunak, behintzat, elkarri laguntzeko erabiltzen ari garela esango nuke. Azken asteburuetan janari bilketa erraldoiak egin dira gure inguruko dendetan eta supermerkatuetan. Elikagai bankuak hornitzea zuten helburu bilketa hauek, eta, badirudi, esperotakoak baino emaitza hobeak izan dituztela.
 
Bilketa horietako batean parte hartzeak pentsaraztera bultzatu nau. Arroz kilo batek hamar pertsonak jateko balio duela diote elikagai bankuko langileek. Euro bat baino gutxiago balio duen elikagai kopuru hori hamar pertsonaren bazkaria izan al daiteke?
 
Bada, antza denez bai. Beraz, zenbat pertsonak bazkalduko lukete gure etxeetan Gabon gauean edo urte zahar egunean egiten diren bazkari-afarietako janariekin?
 
Kopuru ikaragarriak erabiltzen ditugu. Ez dugu begiratzen. Bapo jaten dugu, gehiago ezin dugun arte. Eta zenbat pertsonak jango lukete gure etxeko Gabon gaueko afariak balio duenarekin? Ez gutxik, ziur.
 
Ez dakit, baina pentsatzen jarrita, garrantzitsuena ez da horrelako luxuzko afari bat egitea, ezta? Garrantzitsuena ez al da maite dugun jendeaz inguraturik ongi pasatzea? Eta hori ezin dugu egin oilasko erre eder baten inguruan? Edo patata tortilla batekin? Edo arroz platerkada bana janez? Zergatik ez egin Gabonetan afari umilago eta solidarioagoa?
 
Askok ez dute beste aukerarik izango, nahi edota nahi ez afari umila egin beharko dute aurtengo Gabonetan, egoera ez dagoelako dirua luxutan xahutzeko.
 
Hala ere, gogoratu, garrantzitsuena ez da angulak edo arkumea izatea gure platerean, ongi pasatzea eta disfrutatzea baizik.
 
Festa onak igaro, eta urte berri on denei!
 
2013ko abenduaren 12an Urola-Kostako Hitzan argitaratua

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide