Corrugados Lasaoko ekoizpena gelditzeko asmoa agertu du Gallardok

Uztarria.eus 2013ko abe. 16a, 10:15

Grupo Alfonso Gallardo enpresak komunikabideetara bidali duen idatzian azaldu duenez, "Argindarraren gehiegizko prezioaren ondorioz, enpresa ez da lehiakorra gaur egun dagoen merkatuetan". Gallardok kritikatu du "Europako garestienetakoa" izatea Espainiako industriarentzako argindarraren prezioa.

Grupo Alfonso Gallardo enpresak idatzi bat bidali du komunikabideetara. Bertan jakinarazi du Espainiako lantegi guztietako ekoizpena gelditzea aurreikusten duela. Arrazoia zein den azaldu du idatzian: "Argindarraren gehiegizko prezioaren ondorioz, enpresa ez da lehiakorra gaur egun dagoen merkatuetan".

Gallardok kritikatu du "Europako garestienetakoa" izatea Espainiako industriarentzako argindarraren prezioa."Lehian ari garen beste herrialde batzuetakoa baino askoz altuagoa da. Esaterako, Alemaniakoa baino %30-60 altuagoa da". Enpresak salatu du egungo prezioak bertan behera uzten ari direla egungo ekoizpen planak eta 2014rako aurreikusitakoak. "Horrek gutxiago esportatzea eragingo du", esan du.

Gallardorentzat "krisitik ateratzeko gakoa da industria, baita lan iraunkorra eta kalitatezkoa lortzeko ere". Azkenik, Espainiako Gobernuak egindako energiaren erreforma kritikatu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide