Adin txikiko neskak jasandako erasoa salatu du Udalak

Uztarria.eus 2013ko abe. 16a, 11:38

Azpeitiko alkatea eta Udaleko Bilduko eta EAJko zinegotziak gaur egin duten agerraldian.

Udaleko ordezkarien ustez, "larria, mingarria eta onartezina da gure gizartean halakorik gertatzea", eta gaur, astelehena, arratsalderako Bilgune Feministak deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du Udalak. 19:30ean izango da kontzentrazioa, plazan. 

Azpeitiko Udalak igande goizaldean adin txikiko neska batek jasandako erasoa "irmo salatu" du. Udaleko ordezkarien ustez, "larria, mingarria eta onartezina da gure gizartean halakorik gertatzea". "Erasoak ez du salaketa hutsean gelditu behar, eta indar handiagoz, gure esku dagoena egingo dugu horrelakorik berriro gertatu ez dadin", esan dute, eta "Udalaren esku dauden eta hartu beharreko neurri guztiak hartzeko konpromisoa" agertu du. Gainera, ikerketa eta epai bidean "ardurak dituzten guztiei, ahal den neurrian, gertatutakoa guztiz argitzea eta ardurak zehaztea" eskatu dute.

Era berean, "gaiak eskatzen duen ardurarekin jokatzea" galdegin dute: "Erasotuak eta familiak merezi eta beharrezkoa duen intimitatea bermatuz eta alde batera utziz arinkeriak eta zurrumurruak". Horrenbestez, erasoa jasan duen herriko neskari, bere familiari eta lagunei "babesa" agertu, eta "aurrerantzean ematen dituzten urratsetan Udala bidelagun" izango dutela jakinarazi die.

Udalaren aburuz, "gertaera hauen modukoek herritarren arteko bizikidetza arriskuan jartzen dute, beldurra zabalduz eta denon askatasuna urratuz, eta horren aurrean inork ez du isilik gelditu behar".

Gaur, astelehena, arratsalderako Bilgune Feministak deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du Udalak, eta herriko eragileei dei egin die kontzentrazioan parte hartzeko. 19:30ean izango da protesta, plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide