Justizia soziala helburu, Legegintzako Herri Ekimena abiatu du ELAk eskualdean

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko abe. 18a, 11:17

ELAko ordezkariak atzo, asteartea, emandako prentsaurrekoan.

Lantokietan sinadurak biltzen ari da, eta Azpeitian Santo Tomas egunean jarriko du atxikimenduak biltzeko mahaia.

Sektore publikoan azpikontratatutako enpleguari eutsi eta gutxieneko baldintzak bermatzeko helburuarekin, Legegintzako Herri Ekimena jarri du martxan ELA sindikatuak, eta Urola Kostan kanpaina abiatu du, sinadurak bilduz. "Administrazio publikoan azpikontratazioan izugarrizko esplotazioa ari da gertatzen, murrizketen eta lan erreformen ondorioz. Azken batean, kontratu pliegoetan edota baldintzetan hori ez gertatzeko inolako bermerik ez dagoelako jasota", esan du Urola Kostako ELAko Andoni Eizmendik. "Lanpostuak galtzen, murrizketak, soldata eskala bikoitzak eta horrelako kontuak ari gara ikusten". "Langileen esplotazioa areagotzen" ari dela eta, herriaren babesarekin Legebiltzarrera jotzeko garaia dela diote.

Ekimenaren hiru oinarri nagusi ditu: nahiz eta azpikontratak aldatu langileen lanpostuak mantentzea; lan hitzarmenak betetzea, indarrean daudenak edo aurretik erreferentzia zirenak; eta, arauak bete ezean kontratatutako enpresek zigortzea.

Enpresetan, lantokietan, obretan eta kalean bilduko dituzte sinadurak. Hilaren 21ean, San Tomas egunean, Azpeitiko Goiko kalean, 10:30etik 12:30era bilduko dituzte. Eta, urtarrilaren 17an, San Anton egunez, Getarian. "Urola Kostako herritarrei egitasmoarekin bat egiteko eskatu nahi diegu, justizia soziala jokoan dagoelako".

Herritarrek legegintzan parte hartzeko «modu bakarra» egitasmo hau dela azaldu du, eta Eusko Legebiltzarrean (Gasteiz) prozesua aurrera ateratzeko 30.000 sinadura biltzea da beharrezkoa. Nafarroan 7.000 behar dira.

Gehiago irakurtzeko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide