San Tomas Eguna prestatzeko azken lanetan buru-belarri ari dira Azpeitiko agintariak nahiz herriko eragileak. Egun osoko festa antolatu dute aurten ere larunbaterako, eta zenbait berrikuntzarekin egingo dute topo azpeitiarrek. Esaterako, plazan jarriko dituzten txorizo eta talo postuetan aurpegi berriak ariko dira lanean. Zortzi postu izango dira guztira, eta lehenengo aldiz jarriko dute postua Musika Eskolak eta Baserritik.com elkarteak. Gainerakoak, urterokoak izango dira: herriko ikastetxeak, Itsasi Euskal Kultur Taldea eta Presoen Lagunak, hain zuzen.
Plazan ez ezik, Berdura Plazan ere postuak egongo dira. 33 izango dira aurten, iaz baino bospasei gutxiago. Udalak hala azaldu du: larunbata denez, Azkoitian ere asteroko azoka egingo dute, eta han egon ohi diren batzuk ez dira santomasetan egongo aurten. Kontuak kontu, postuetan denetarik aurkitu ahalko dute herritarrek: barazkiak, fruituak, eztia, ogia, belarrak eta Iparraldeko ahate produktuak, besteak beste.
Herritarrek goizetik gauera arte gozatu ahalko dute, azokak eskaintzen dienaz gain, pilota partidez, herriko musikarien doinuez, eta dantzarien mugimenduez, aizkolari eta harri-jasotzaileen lanaz, eta bertsolarien etorri ederrez.
Festa giroa behar bezalakoa izateko, ordea, eskaria egin du aurten ere Azpeitiko Udalak: eguna baserritarrez jantzita pasatzeko, alegia. Hori da neguaren aurreko festaz behar bezala gozatzeko modua, askorentzat.
'Arin-arina' ere txistu doinuz
Arratsaldean, berriz, urteroko dantza suelto txapelketa egingo dute. 18:00etan hasiko da Gazteen XIII. Dantza Sueltoko Azpeitiko Txapelketa, eta Sanagustin Kulturgunean ariko dira protagonistak. Saioaren antolatzaile Luis Alberdi Beltza-k azaldu duenez, hamazazpi bikotek hartuko dute parte aurtengoan. "Azpeititik, Azkoititik, Bergaratik eta Lezotik datoz dantzariak aurten", zehaztu du dantza irakasleak. Parte-hartzaileek fandangoak eta arin-arinak dantzantu beharko dituzte; normalean txistuak lagunduta egiten da fandangoa, eta trikitiarekin arin-arina. Aurtengoan, ordea, txistuaren doinuek lagunduta egingo dituzte dantza guztiak. Azpeitiko Izarraitz txistulari taldeak beteko du eginkizun hori. Epaimahaiko kideak Maialen Aldalur (Azpeitia), Carlos Sarriegi (Hernani) eta Rafa Salaberria (Lezo) izango dira, eta bost bikote onenak sailkatuko dira finalera.
Finalera iristen ez diren bikoteentzat oroigarriak egongo direla jakinarazi du Alberdik, eta sarien artean tokia izango dute neska onenak, mutil onenak eta gaztetxo onenak ere. Ekitaldiaren amaieran, txapelketaren laguntzaileentzat opari bereziak egongo direla aurreratu du Alberdik. Hemeretzi laguntzaile izango ditu txapelketak aurten. Alberdik aurrez eskerrak eman dizkie ekitaldia egin ahal izateko era batera edo bestera laguntzen duten guztiei.
Hemen egitaraua osorik:
10:00etan Izarraitz txistulari taldearekin goiz eresia, herriko kaleetan.
Goiz osoan Berdura plazan, udazkeneko azoka berezia baserriko produktuekin.
10:30ean Frontoi Txikian eskuzko pilota partiden finalak, Ilunpe Pilota Elkarteak antolatuta.
10:30. Azpeitiko Musika Bandaren eta Eltziegoko gaiteroen kalejira.
12:00etan Azpeitiko XXXI. Euskal Antzerki Topaketetako Ikuslearen Sariaren banaketa, udaletxeko areto nagusian. Saria Azpeitiko Emakumeen Tailerrak jasoko du, Dena berriz bueltatzen da izenburua duen antzezlanarekin.
12:00etan plazan, aizkolarien, harri-jasotzaileen eta trontzalarien erakustaldia. Aizkoran Nazabal eta Olasagasti ariko dira: nork enbor bana kolpe gutxiagotan ebaki, enbor bana zutik nork azkarrago ebaki eta zortzina enbor nork azkarrago ebaki. Harri-jasotzen Aimar Irigoienek eta Goenatxo II.ak jardungo dute, 200 kiloko errektangularrarekin, 138 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin. Trontzan, berriz, lau emakumek jardungo dute: Nerea Solondo (Bera), Amaia Garcia (Bera), Leire Astiazaran (Villabona), Itsaso Onsalo (Areso). Herri kiroletako erakustaldian Juanjo Sagastibeltzak jardungo du.
12:00etan bertsolariak, plazan. Andoni Egaña, Alaia Martin, Jokin Sorozabal eta Iñigo Manzisidor Mantxi bertsotan eta Xebastian Lizaso gai-jartzaile.
12:00etan Gaztetxeko kideek antolatuta, kalejira izango da trikitilariek lagunduta, eta Gaztetxetik abiatuko da.
12:00etan Itsasiko joaldunen eta Musika Eskolako soinujoleen kalejira.
13:00etan erraldoi, buruhandi eta dultzaineroen kalejira.
18:00etan gazteen XIII. Dantza Suelto Txapelketa, Sanagustin kulturgunean.
23:00etan herriko plazan, Ai Ene taldearen musika emanaldia.