Naiart eta Etchola Atelierren lana saritu dute II. Erakusleiho Lehiaketan

Uztarria.eus 2013ko abe. 19a, 19:55

IƱaki Portilla, Naiarteko Alaitz Alberdirekin eta Etchola Atelierreko Oihane LarraƱagarekin. (Azpeitiko Udala)

Bigarren saria Irene Altuna loredendak jaso du eta hirugarrena Ogi Eder okindegiak. 32 saltokik hartu dute parte aurtengo lehiaketan.

Etchola Atelierrek eta Naiart Serigrafia eta Errotulazioak dendak elkarlanean egindako eskaparatearentzat izan da Udalak antolatutako II. Erakusleiho Lehiaketaren lehen saria; horrenbestez, 600 euro jaso dituzte. Bigarren sariari dagozkion 400 euroak, berriz, Irene Altuna loredendakoek eskuratu dute; eta hirugarren saria, 200 eurokoa, Jose Artetxe kaleko Ogi Eder okindegiarentzat izan da. Hiru saltokietako arduradunek Iñaki Portilla Merkataritza eta Industria batzordeburuaren eskutik jaso dituzte sariak.

Guztira herriko 32 saltokik eman dute izena aurtengo erakusleiho lehiaketan. Udaleko Merkataritza sailak azaldu duenez, "orijinaltasuna, landuak izatea, norberak egindakoak, materialak eta abar" izan dira epaimahaikideek balioetsi dituzten irizpideak; hiru teknikarik osatu dute epaimahaia.

"Azpeitiko Udalak parte hartu duten saltokiei eskerrak eman nahi dizkie, partaidetza altua izan delako eta maila oso ona erakutsi dutelako", adierazi du Iñaki Portilla zinegotziak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide