San Tomas, plaza beteko festa

Uztarria.eus 2013ko abe. 21a, 17:37

Abenduaren 21a festa egun handia izan da beste behin Azpeitian. Goiz lasaiaren ondoren, eguerditik aurrera jendea, zahar eta gazte, herriko erdigunea eta, bereziki, San Tomas egunaren ardatz izaten den plaza Nagusia betetzen joan da. Baserritarrez jantzita asko eta bestela gehientsuenak, plazaren bueltan jarritako txorizo eta talo postuen aurrekaldeak bete dituzte azpeitiar eta bisitariek. Ordubatetik aurrera bereziki, pintxoak eta edariak prestatu eta banatzen nahikoa lan izan dute saltokietan. Lasaiago ibili dira, oro har, Berdura plazan postua jarri duten baserritar eta artisauak; hala ere, erosketak egin dituztenak ere ez dira falta izan.

Aurretik, hamabiak pasatxo hasita, herri kirolen erakustaldiak ere ikusle asko batu du. Iragarrita zegoen Floren Nazabalek, gaixo, ezin izan du Azpeitira etorri, eta haren ordez Mikel Larrañaga azpeitiarrak neurtu ditu indarrak aizkoran Joxe Mari Olasagastirekin. Kirolariek lanak osatu ostean ekin diote bertsolariek bereari kiosko aurreko tranpaldoan.

Arratsalde eta iluntzean ere festa girorik ez da faltako Azpeitian, santomasez gozatu nahi duenarentzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide