Azpeitiarrak nagusi izan ziren San Tomas eguneko Dantza Sueltoko Txapelketan, bai kopuruan, bai sailkapenean. Hamazazpi bikotek hartu zuten parte Sanagustin kulturgunean jokatutako lehian, eta horietako hamabostetan gutxienez bikotekideetako bat Azpeitikoa zen; Bergara, Azkoitia eta Lezo dira ordezkariak izan zituzten beste hiru udalerriak.
Sailkapenean, berriz, Azpeitiko bikoteentzat izan ziren aurreneko bost postuak:
1. Jon Ander Iriondo eta Libe Lizaso.
2. Ioritz Galarraga eta Laura Olaizola.
3. Jon Ibartzabal eta Larraitz Larrañaga.
4. Ekain Uzkudun eta Laura Bastida.
5. Unai Odriozola eta Maider Arrieta.
Bikote gazteenaren saria Azkoitiko Eneko Sarasuarentzat eta Azpeitiko June Elortzarentzat izan zen. Mutil onenaren saria Jon Ander Iriondok jaso zuen, eta neska onenarena Larraitz Larrañagak. Sailkapenekoez eta sari bereziez gain, parte hartu zuten hamazazpi bikoteek jaso zuten opariren bat, txapelketaren babesle izan ziren herriko hainbat denda, jatetxe eta enpresak emandakoak.
Izarraitz Txistulari Taldekoek jotako bosna fandango eta arin-arin dantzatu zituzten txapelketan. San Tomas egunekoa 2013ko dantza suelto txapelketen denboraldiko azken hitzordua izan da. Luis Alberdi 'Beltza'-ren gidaritzapean aritzen diren herriko bikoteek 2014ko maiatzaren 1ean ekingo diote denboraldi berriari, Lazkaon.