Gabon kantak eta egunotako pertsonaia bereziak protagonista izango dira aurten ere Azpeitian abenduaren 24an. Goizetik kalez kale, auzoz auzo eta baserriz baserri kantuan ibiliko diren taldeak ez dira faltako, eta Olentzerok eta Mari Domingik ere ez dute hutsik egingo: herrira etorriko dira, bereziki umeen azken orduko eskariak jasotzeko.
Horrela, 12:00etan, Mari Domingi etorriko da Olazko Andre Mariaren plazara, Olentzerori zuzendutako umeen idatziak jasotzera. Arratsaldean, berriz, Olentzero eta Mari Domingi, biak, kalejiran ibiliko dira 17:00etatik aurrera. Arana kaletik abiatuta, Alde Zaharrean zehar ibiliko dira, idiek eramango duten gurdian, ttuntturroek, musika eskolako soinujoleek eta suziak eskuetan ondoan izango dituzten gazteek lagunduta. Plaza Nagusian izango dute azken geltokia. Han, 17:30etik aurrera ongietorria egingo zaie Olentzerori eta Mari Domingiri: Itsasiko dantzariek aurreskua eskainiko diete, eta gaztainak partituko dituzte.
Jaiotzarekin kantuan
Gabon eskean ibiliko direnen artean daude Julian Barrenetxea Abesbatzakoak, eta beraiekin batera kantuan atera nahi duten herritar guztiei luzatu diete gonbita; gaur, astelehena, 21:00etan entsegua izango dute, Baigeraren eraikineko laugarren solairuan.
Jaiotzarekin kalez kale ibiliko dira Gabon iluntzean, urtero legez, Barrenetxeakoak, Parrokiko Abesbatzarekin, Izarraitz Txistulari Taldearekin eta parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera. 18:30ean ekingo diote ibilbideari, Plaza Txikian; Enparan kalean, Perez Arregi plazatxoan, Erdikalean, Jose Artetxe kalean, Olazko Andre Mariaren plazan, Goiko kalean eta plaza Nagusian kantatu ondoren, Plaza Txikian bertan bukatuko dute ibilia.