Ez da asteburu ona izan Azpeitia Azkoitia ISBrentzat, ezin izan baitu hirugarren garaipena erreskadan lortu eta hori dela eta lau garaipenekin oraindik azken postuetatik oso gertu jarraituko du. Eta hori, Gedeminas Zyle pibot lituaniarrak ahal zuen guztia egin zuela bere taldeak emaitza positibo bat izan zezan. Conservas de Cambados taldearen aurka 23 puntu sartu zituen, 3 birrintzerekin, 5 errebote eskuratu zituen, 2 asistentzia banatu, baloi bat berreskuratu eta txapel bat jartzeaz gain 5 falta ere jaso zituen. Guztira 28ko balorazioarekin amaitu zuen eta horrek eraman du asteko bostekoan sartzera hirugarrenez.
Zyle Azpeitia Azkoitia ISBren jokoan oso garrantzitsua dela ez dago esan beharrik. Partiduko 13 puntutik gora sartzen ditu eta ia 8 errebote eskuratu. Bataz beste gainera 15’6ko balorazioarekin amaitzen du eta horrek esan nahi du gauza asko egiten dituela ondo partiduan zehar.
Zorionak Zyle!