12:30ak pasatxoan iritsi da Mari Domingi herrira, Olentzerori zuzendutako umeen idatziak jasotzera. Frontoi Txikian egin diote dozenaka guraso eta haurrek harrera, eta soinuaren laguntzarekin, pare bat abesti kantatu dizkiote Mari Domingiri.
Gainera, goizetik kalez kale, auzoz auzo eta baserriz baserri kantuan ibiliko diren talderik ez da falta izan. Haur eta gaztetxo ugari ibili da kantuan, jaiotza eskutan hartuta. Horiez gain, herriko ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoak ere ibili dira Gabon eskean, eta herriko hainbat talde ere bai. Bestalde, Sanagustin kulturgunean umeek marrazketa tailerra izan dute goiz partean.
Arratsaldean, berriz, Olentzero eta Mari Domingi, biak, kalejiran ibiliko dira 17:00etatik aurrera. Arana kaletik abiatuta, Alde Zaharrean zehar ibiliko dira, idiek eramango duten gurdian, ttuntturroek, musika eskolako soinujoleek eta suziak eskuetan ondoan izango dituzten gazteek lagunduta. Plaza Nagusian izango dute azken geltokia. Han, 17:30etik aurrera ongietorria egingo zaie Olentzerori eta Mari Domingiri: Itsasiko dantzariek aurreskua eskainiko diete, eta gaztainak partituko dituzte.