Grumal, Edesa eta Fagorreko langileek futbol partida aldarrikatzaileak jokatuko dituzte

Uztarria.eus 2013ko abe. 26a, 13:41

Lagunarteko partidak jokatuko dituzte hiru enpresetako langileek zapatuan, Arrasaten. Bazkideak plataformakoek azaldu dutenez, "elkartasuna eta aldarrikapena" dira ekimenaren oinarria eta sarrerarekin jasotzen duten dirua plataformaren gastuei aurre egiteko izango da.

"Bizitzen ari garen egoera era dibertigarri batean irudikatzeko" futbol partida aldarrikatzaileak jokatuko dituzte Basauriko Edesako, Azpeitiko Grumaleko eta Debagoieneko Fagorreko langileek hilaren 28an, zapatuan, Arrasateko Mojategin. Bazkideak plataformako kideek azaldu dutenez, "elkartasuna eta aldarrikapena" dira ekimenaren oinarria.

11:00etan hasiko dira partidak, eta sarrera bi euro ordaindu beharko da. Sarrerarekin batera iberikoz osatutako otarra zozkatuko dute. Biltzen duten dirua Bazkideak plataformak egun dituen eta etorkizunean izango dituen gastuei aurre egiteko izango da.

Grumaleko langileek kamiseta berdearekin jokatuko dute; Edesakoek, urdinarekin eta Fagorrekoek, gorriarekin.Taldeak gizon-emakumez osatutakoak izango dira, eta ordu erdiko hiruzpalau partida jokatuko dituzte.

Joan den ostiralean jakinarazi zuen Patxi Isasmendi langile batzordeko presidenteak Grumal likidaziora eramango dutela urtarrilean, administratzaile judizialek hala erabaki dutelako. Hala, hilaren lehen egunetan enpresako 148 langileentzako erregulazio dosierra aurkeztuko dute, lantegia ixteko bidean. Azaro bukaeratik hartzekodunen konkurtsoan dago Grumal eta langileek behin eta berriz salatu dute lantegiaren etorkizunaren inguruko informazio falta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide