Zorionak eta eskerrik asko, Manolo Sanjuan!

(Manolo Sanjuan tailagilea Sanagustinen atzo, Azpeitiko Kultur Mahaiaren ohorezko bazkidetzako oroigarriarekin)

Azpeitiko Kultur Mahaiak tailagilea ohorezko bazkide izendatu du. Ehun lagun pasa bildu dira Sanagustineko ekitaldian. Afonia bategatik, lau abeslarik ezin izan diote omenduari sorpresa txikia eskaini. Sanjuanen 25 argazki jasotzen dituen erakusketa zabalik da kulturgunean, urtarrilaren 12ra arte. 

Ekitaldiko argazki bilduma (11 irudi)

Egin zaitez Kultur Mahaiko bazkide; urtean 10 euro dira

Azpeitiko Kultur Mahaiak duela bi urte ekin zion ohorezko bazkideak izendatzeari, kultur lana aitortu nahian. Imanol Elias Odriozola zena izan zen aurreneko ohorezko bazkidea, herriko historia jasotzen edota antzerkigintzan egindako lanagatik. 

Atzo izendatu genuen bigarren ohorezko bazkidea: Manolo Sanjuan tailagilea. Sanagustin kulturgunean izan zen ekitaldia, eta ehun lagun pasa bildu ziren.

Ekitaldiko bideoan edo aste honetan sarean jarri dugun elkarrizketan aipatu bezala (Urola Kostako Hitza-ren elkarrizketa):

- sortzez Irungoa da Manolo Sanjuan. 1928an jaio zen.

- 11 urterekin etorri zen Azpeitira.

- hamasei urte zituela hasi zen tailagintzan, lana behar zuela eta.

- 1952an Uruguaira joan zen, lanera, eta behin betiko hamar urtera itzuli zen Azpeitira.

- 1970etik aurrera Pablo VI.a auzoan eduki du tailerra.

- 1993an erretiratu zen.

- 85 urte ditu.

- tailagintzan haren lekukoa bere seme Mikelek hartu zuen.

Joseba Izagirre Kultur Mahaiko lehendakari berriak eman zion oroigarria. Hain zuzen, Manolo Sanjuanen seme Mikelek berak duela bi urte egindako oroigarria da.

Kultur Mahaiko lehendakari Joseba Izagirreren hitzaldia

"Manolo Sanjuanek esan izan du gaztetan mekanikoa izan nahi zuela, baina garai hartan mekaniko bezala ez zela ezer askorik irabazten, eta tailagile moduan lana eginez gero, berriz, hiru pezetako soldata ematen zietela; badaere, horrekin arrautza bat erosteko aukera zutela.

Han eta hemen tailan aritu ondoren, bere tailerra Pablo VI.a auzoan jarri zuen, 1970ean, eta ibilbide oparoa eskaini digu. Eskerrak mekaniko ez zenuen segitu, Manolo...

Berak aitortzen du askotan jende multzoarengana iristeko zailtasunak dituela lanbide honek, baina isilean jardun du, beti aurrera. Sortzen, arte lana egiten. Eta, azkenean, ez du sormen eta arte lana egin soilik; transmisio funtzioa ere bete du, eta hor dugu Manolok utzitako ondarea.

Hori guztia aitortu nahi dio Azpeitiko kultur arloak. Herriko kultur talde denek osatzen dute Kultur Mahaia, beste ia 400 bazkide norbanako ere badira gurean, udalak ere badu ordezkaritza, eta denen izenean, Manolo: zorionak eta eskerrik asko!".

Kantariek sorpresa txikia ezin burutu, haietako baten afoniagatik

Juan Mari Lasa, Luis Galdos, Joxe Mari Arregi eta Eduardo Badiolak, sorpresa modura, lau bat abesti kantatu nahi zizkioten Manolo Sanjuani ekitaldiaren bukaeran, lau ahotsetara, denbora bat zeramaten entseatzen, baina azkeneko orduan haietako bati afonia edo eztarriko arazo bat sortu zitzaion eta ezin izan zuten abestu. Pena bat izan zen. Detaileagatik, eskerrik asko lau haiei Kultur Mahaiaren partetik.

Sanjuani buruzko argazki erakusketa, zabalik

Ohorezko bazkidetzaren ekitaldiari amaiera emateko, argazki erakusketa zabaldu genuen Sanagustinen bertan. Sanjuani buruzko 25 argazki jaso dituen erakusketa da, eta, besteak beste, Juan Mari Ibartzabal Azpeitiko Argazki Elkarteko kidearen laguntza izan dugu horretarako; eskerrak Ibartzabali ere, beraz. Urtarrilaren 12ra arte izango da zabalik erakusketa.

Egin zaitez Kultur Mahaiko bazkide

Gaur egun 380 bazkide gara Kultur Mahaian. Egin zaitez bazkide; urtean 10 euro dira. Zozketak izango dituzu, gainera.

Azpeitiko kultur talde denek, norbanakoek, Sanagustinek, udal taldeek eta teknikariek osatzen dugu Kultur Mahaia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide