Nortasun eta espiriturik gabe, garaipena zaila

Uztarria.eus 2014ko urt. 5a, 09:44

Araberrik merezimendu osoz lortu du garaipena derbyan, minutu askoan Azpeitia Azkoitia ISB kontrolpean eduki eta gero. 

 

Urtea hasteko modu hoberik ez dago garaipenarekin baino eta Azpeitia Azkoitia ISB horren bila joan da Gasteizera: Araberriren aurkako derbyan denboraldiko bosgarren garaipena lortzera. Gaur irabazteak 2013ko azken porrota atzean uzteko aukera ematen zuen, berriz ere taula erdiko taldeei lotzeko balio zielako eta horretaz gainera Iurgi Caminosenak dagoeneko bi garaipenetara uztea ahalbidetzen zuelako lehen itzuliaren amaieran. Arabarrek beste helburu bat zuten, aurreko urte amaierako momentu txarrak urte berriarekin ahaztu eta laugarren garaipena lortuta gipuzkoarren aurretik jartzea sailkapenean. Azkenean gasteiztarrek lortu dute euren helburua, minutu askoan Azpeitia Azkoitia ISB baino gehiago izan baita.

Erritmo azkarra ezarri nahi izan du Iker Buenoren taldeak hasieratik. Ander Arruti Mendizorrotzara bere bueltan oso eroso ibili da eta lehen aldeak lortu ditu gipuzkoarrentzako, baina joko azkarrak maiz akatsak ere ekarri ohi ditu eta baloi batzuk galdu izanak Iraurgi neurketaren jabe egitea oztopatu du. Gainera, beste aldean Uriarte egundoko mina egiten hasi da. Kanpotik barrura jokatzen eta baita hiruko marratik jaurtiz, 10 puntu sartu ditu jarraian eta bere taldea markagailuan aurretik jartzea lortu du. Uclesek nahi baino gehiago huts egin du beste uztaian eta lehen laurdenaren amaierara 13 eta 12 iritsi dira.  Gabon egun hauek ez dutelako lagundu edo batek daki zergatik, baina eskumuturrak ez dira finegi ibili eta puntuak lortzeko egundoko zailtasunak izan ditu Azpeitia Azkoitia ISBk. Hiruko marratik ahalegindu dira gainera behin eta berriz Iker Buenoren mutilak eta horrek ez die bat ere lagundu. Gutxika-gutxika etxekoak markagailuan ihes egiten hasi dira, baina Lasaren eskumuturra berotzearekin bat eta Sowren laguntzarekin zauri ixten jakin izan du ISBk eta berriz ere neurketa parekatzea lortu du. Etxekoak aurretik mantendu dira une oro, baina sekula ez dute 4 puntu baino gehiagoko aldea eduki eta Sow jarraian sartutako 6 punturi esker, 33 eta 32koarekin joan dira atsedenaldira.

Zylek eta Arrutik arazoak izan dituzte hirugarren laurdenaren hasieran Bernardi eta Uriarte gelditzeko, baina Storyren  hirugarren falta ateratzen jakin izan dute eta erreferentzi garrantzitsu bat galdu dute Iurgi Caminosenek. Hala ere, puntuak ezin batu ibili da Azpeitia Azkoitia ISB eta Zamora partidako erritmoaren jabe egiten hasi da. Modu honetara 8 puntu goitik jartzea lortu dute etxekoek. Lasak eta Arrutik euren taldearen gidaritza hartu nahi izan dute eta diferentzia pixka bat murriztea lortu dute, baina bi akats jarraian eginda eta Uclések erasoan galdutako baloi baten ondoren 54 eta 44koa igoarazi du Dani Lorenzok kontraerasora. Iker Buenok eskatutako hutsarteak ez du askorako balio izan, akatsak bata bestearen atzetik etorri baitira berdin-berdin eta laurden amaieran Araberri oso nagusi zen: 56 eta 44. Identitatea eta espiritua falta zitzaion talde gipuzkoarrari, etxekoan nahieran zebiltzan eta Iker Buenok ere ez du asmatu aulkia mugitzerako orduan. Barruko jokoak ez zuen gehiegi funtzionatzen, Art Bernardi internazional bihurtu du Uclések eta erasoari begira ere, puntuak eskuratzea sekula baino zailago egin zaio talde gipuzkoarrari. Hiruko marra besterik ez dute bilatu eta bataz besteko oso onak eduki ezean… azken minutuan bihotzarekin jokatuta markagailua murriztea. 0 eta 8ko partziala eginda beldur pixka bat sartu dute arabarren gorputzean baina beranduegi heldu da erreakzioa eta 72 eta 67ko emaitzarekin Araberrik merezimendu osoz lortu du garaipena.

Saskiratzaileak: (13-12/33-32/56-44/72-67)

ARABERRI: Zamora (5), Uriarte (13), Arcelus (7), Buesa (3) eta Raya (7) –bosteko nagusia- Bernardi (20), Lorenzo (2), Majon, Carrera (6), Maroto, Hernandez eta Story (2).

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Assalit (3), Arruti (14), Lasa (10), Uclés (6) eta Zyle (5) –bosteko nagusia- Oroz, Zubizarreta, Ibargutxi (6), Barberena, Guridi (1), Okoye (1) eta Sow (8).

MVP: Bernardi (29).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide