Hobe beharrez

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola (31 eskutik) 2014ko urt. 10a, 12:12

Iñaki Segurola azpeitiar filologo eta idazleak 31 eskutik blogean idatzitako iritzi artikulua da hurrengoa.

Izugarri harritzen nau hobe beharrez ari den jendeak. Sen onaren gainetik sen hobearen eta hoberenaren esanera dabiltzan adimen goitarrak ditut gogoan. Halakoak "herri xehearen" gainetik hegaldatzen dira eta ausardia ederra da hori. Hizkuntzari buruz ari naiz, jakina, zeren adimen goitarrak hortxe nabarmentzen baitira gehienik, hots, herri ezjakinaren inbentua den hizkuntza ontzen eta hobetzen, eta haren jabe egiten.

Hartzen dugu, konparazio batera, Euskaltzaindiaren Hiztegia, begiratzen duguastelehen hitza, eta ikusiko dugu zein den hitz horren definizioa: "asteko bigarren eguna". Bai, jaun-andereak. Zer uste zenuten ba? Lehena lehena zela? Ez ba: lehena bigarrena da. Ez gure moduko ezjakinentzat, baina bai adimen goitarrentzat eta geure hizkuntzako hitzak berak ezin ozenkiago dioskun hori "gainditzeko" gai eta trebe direnentzat. (Astearteak eta bereziki asteazkenak ere bazituzten beren arazotxoak. Hizkuntza askotan dituzte egun-izenek beren arazotxoak, zeren goietatik ezarritako gauza baita astearen egitura, eta hartara jarri edo moldatu beharrak dakartza arazotxo horiek. Astelehenari segunda-feira esaten diotenek ere etsi egin behar izan dute eta asteko lehen egunaren izentzat irentsi. Zeren astelehenaren lehentasunaren alde ez baitago euskara bakarrik; gure mundu edo errealitate garaikidea bera ere halaxe moldatua dago, eta horixe dago josia hiztunen gogoan edo gogapean ere. Hargatik da ezin miresgarriagoa hobe beharrezko adimen goitarren balentria hau.)

Ez naiz kontutxo historiko-kultural aspergarrietan sartuko. Aski izan bekigu katalanezko Wikipediaren esplikazio xuhurra: El dilluns és el primer dia de la setmana. (…) En alguns països es considera el segon dia de la setmana ja que el principal i primer és el diumenge, per la tradició del cristianisme (euskarazkoarentzat astelehena asteko lehen eguna da eta kito; ofizialki eta akademikoki gezurra dio, beraz). Esanda bezala, hemen eta beste leku askotan, astelehena da asteko lehen eguna edozein ezjakinentzat, jakintsu askorentzat eta euskararentzat berarentzat, baina ez euskarazko lehena izatez bigarrena dela maisukiro erakutsi nahi digutenentzat. Eskertzen dugu haiengandik datorkigun argi infrazuria. Estimatzen dugu hiztun arrunten sentieraren gainetik hegatzeko duten dohain inbidiagarria.

Beste adibide bat ere badakart gaur. Aspaldian Euskal Telebista deritzan katean lotua egotea tokatu ohi zait igande arratsalde batzuetan, eta gertatzen zaidana da nazkatua nagoela erratari batzuen ahotik lan-erdiak aditzen, deus esaten eta esan nahi ez duen lan-erdiak hori aditzen. (Besterik litzateke lanen erdiak, baina ez da kasua.) Aizkoran ebaki beharrekoen erdiak ebakitzen direlarik esan izan dugu beti erdi-lanak eginak dituela aizkolariak, edo erdi-lanetan dagoela edo dabilela. (Halaxe ikasi nuen mutikotan Azpeitiko zezen-plazan ikusten nituen aizkora-apustuetan.) Bai: erdi-lanak esan izan dugu beti hiztun ezjakinok, erdi-prezioan esan izan dugun bezalaxe. (Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua-n badator erdi-lanak egin adibide gisa; Euskaltzaindiaren Hiztegia-n desagertu egin da, oker ez banago.) Etorri zaizkigu, beraz, kate horretako erratariak, gauzak ikaragarri zuzen erraten dituzten erratariak, eta aizkoran ez ezik, pilotan ere hasi zaizkigu lan-erdiak zatar hori erraten. Erratari horiek norbaitek argitu ditu edo beren buruak argitu dituzte, gu betiko ilunpean gelditu garelarik. Erratari horiek ere nik bezalaxe aditu izango dute beti erdi-lanak erraten, zeren, begira nola diren gauzak, erratari horiek neure herritarrak baitira, baina erratari xuxenek ederki dakite beren buruei gogor egiten, eta hizkuntza naturala goragoko «logikaren» baten arabera errendiarazten eta bortxatzen, hobe beharrez betiere. Dohain inbidiagarria da hori ere, ia astelehenaren kasuan baino haundiagokoa, nik erran behar banu.

Zorionekoak hobe beharrez ari diren adimen goitarrak. Zorigaitzekoak gure begi-belarriak.

***

Goiko purrustadatxoa idatzi eta gero jakin dut, Euskaltzaindiaren Hiztegia egiten ari den lantaldeko kideen ahotik, hiztegi horren hurrengo argitaraldian (1) gauza ia segurua dela astelehen hitzaren definizioa 'asteko lehen eguna' izango dela, eta (2) orobat dela gauza ia segurua erdi-lanak agertuko dela, baina ez lan-erdiak, edo, agertzekotan, ez dela hobestekotzat emango, zeren, egia izanik ere gaurko euskara idatzizko eta erratarizkoan gehiagotan agertzen dela erdi-lanakbaino, ez da gutxiago egia erabilera hori kontsignapeko edo agindupekoa dela nagusiki, hots, "hobe beharrezkoa".

Eta hau hementxe idatzirik gelditzen da jakin dezaten erratari xuxenek eta haien gaineko zuzentzaile eta debekatzaile orojakitunek nondik nora dabilen haizea goi-geruzetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide