Gurpila biraka

Uztarria.eus 2014ko urt. 10a, 18:44

Joseba eta Ander Garmendia euren bizikletekin, bidegorrian.

Uztarria herri aldizkariaren urtarrileko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 157. zenbaki horretan, besteak beste, sexologiari eskainitako tarte berriaren lehen ekarpena egin du Nerea Sanchok; Plax! sexu eta bikote aholkularitzaren arduraduna da Sancho. Joseba eta Ander Garmendia anaiek abian duten Bizikletan Bizi proiektuaren gaineko erreportaje hau ere irakur daiteke 2014ko lehen zenbakian.

"Bizikleta kirol tresna edo garraiobide soil bat izatetik aparte, bizimodu bat bezala ulertzen dugu". Esaldi hori irakur daiteke Interneten, Facebook sare sozialeko Bizikletan Bizi orrialdean. Orrialdearen arduradunak, eta esaldiaren egileak, Joseba eta Ander Garmendia anaiak dira (Azpeitia, 1983 eta 1987, hurrenez hurren).

Bizikleta txikitatik bizi izan dute Garmendiatarrek, "ia-ia jaio orduko. Gu txirrindularitzan ibilitakoak gara, gure aita ere bai, eta gure aittitte ere bai. Gure etxean txirrindularitza nahikoa errotuta dago", dio Josebak. "'Handitan ziklista izan behar dut', horixe zen gu bion ametsa", gaineratu du Anderrek. "Gero, lehiatzeari utzi arren, inoiz ez dugu galdu bizikletarekiko lilura". Eta txirrindularitza alde batera utzita, baina bizikletan bizi dira gaur egun ere, ahal duten guztietan eta ahal duten neurrian. Orain, beraien pasioa ingurukoekin, herriko jendearekin partekatu eta hedatzeko asmoa dute martxan: Bizikletan Bizi.

Bizikletaren erabilera bultzatzea dute xede, "mugimendu bat" sortzea, bizikleta jendeak eguneroko bizimodurako erabiliko duen tresna izatea: lanerako, aisialdirako eta, zergatik ez, bidaiatzeko, beraientzat den bezala. Hain zuzen ere, 2012ko abuztuan elkarrekin egin zuten bidaiatik bueltan hasi ziren aspalditik buruan zerabilten ideiari forma ematen. Berlin-Amsterdam-Paris ibilbidea bizikletaz egin zuten Garmendia anaiek orduko hartan eta, lehendik ere ezagutzen zuten arren, Europa erdialdean bizikleta erabiltzeko dagoen kultura hori etxean barreiatzen hastea gogoan zutela itzuli ziren. Horrela, orain dela urtebete pasatxo webgunea sortzeko domeinua bereganatu zuten, eta Facebooken lehen aipatutako orrialdea ireki zuten.

Bien artean ekindako bideari beste lagun batzuk ere ari zaizkio batzen -adibidez, Enok Sudupek egin die logotipoa-. Hala ere, nahi baino mantsoago dihoakie proiektua, lanak libre uzten dizkien orduak "askotan nahi baino gutxiago" izaten direlako. 2014. hasi berri honetarako, ordea, asmo sendoak dituzte: webgunea bukatu eta martxan jartzea batetik, eta herrian zerbait antolatzea, bestetik. "Oraindik ez daukagu zehaztuta, baina bizikleta egun bat-edo egitea nahiko genuke. Eta, zergatik ez, hiriburuetan-eta daudenen antzeko masa kritiko bat sortu Azpeitian: jende multzo bat elkartu eta astero egun batean gelditu, herrian zehar ibilbide bat osatzeko, bizikletaren erabilera aldarrikatzeko".

2012ko bidaiaren berri emanez hainbat aurkezpen egin dituzte. Izandako harrerak euren asmoa indarberritzen lagundu die. "Azpeitian bidaia aurkeztu genuenean [2013ko urtarrilean] geuk espero ez genuen oihartzuna izan genuen -aitortu du Anderrek-. Orduan hasi ginen ikusten bazegoela animatzen zen jendea". Bidaia hura ezagutzera emateak "jendearen interesa" pizteko balio izan die, baina argi uzten dute beraien helburua ez dela bederatzi egunean 1.300 kilometro egingo duen jendea soilik mobilizatzea.

Bizikleta 'cool' da

Bidaiatzeko ere ona iruditzen zaie bizikleta Garmendiatarrei, noski. Baina hori bizikletaren kulturaren arlo bat da, jendea erakartzeko "propaganda ona". Gurerako buruan duten bizikletaren inguruko mugimendua "erakargarria" izatea gakotzat dute, izan ere. Gaur egun ia erabat kirolera mugatuta badago ere, kotxearen erabilera hedatu aurretik, hainbeste urte atzera egin gabe, gure inguruan "garraiobide normalena bizikleta" zela dakar gogora Joseba Garmendiak. Kotxeak, ordea, 'pobretu' egin zuen bizikleta ia denerako erabiltzeko ohitura hura. "Etereotipo horiekin haustea" nahi dute Bizikletan Bizi-rekin: "Bizikleta egunero erabiltzea ez da kotxerik ez duen jendearentzako. Garraiobide jasangarria dela ikusten dugunontzako ere bada, eta abantaila asko ditu. Askotan, herrian mugitzeko praktikoagoa ere bada, aisialdirako eta bidaiatzeko erakargarria dela ahaztu gabe".

Kirol maila alde batera utzita, "eta erabilera pixkanaka goraka badator ere", Azpeitian egunerokoan "bizikletan jende gutxi ibiltzen" dela diote Garmendia anaiek. "Oraindik kafea hartzera joateko kotxea hartzen segitzen dugu", dio Josebak. Eta gazteen adibidea dakar Anderrek: "Kotxeko karneta atera arte asko ibiltzen dira kalean bizikletarekin, baina gero bizikleta aparkatu eta kotxearekin hasten dira". Gazteei begira bereziki, "bizikletan kaletik ibiltzea ez dela bigarren mailako zerbait" erakutsi nahi dute Garmendiatarrek, eta horretarako baliatzen dute Facebookeko orria, hainbat bideo eta albisterekin hornitua. Bizikleta moda-modako kontua ere izan daitekeela erakutsi nahi dute. "Izan daiteke cool bizikletan ibilita, Josebak dioenez.

Bidegorria, Europatik Azpeitira

Lanerako joan-etorriak bizikletan egiten dituzte Garmendia anaiek, "euri asko egiten ez duenean. Hori esanda, ematen du askotan ezin duzula joan, hemen euri asko egiten duelako. Baina, dirudiena baino askoz egun gehiagotan joan zaitezke", azaldu du Josebak. Hitzak berresteko datua ere eman du: 2013an, 1.500 kilometro inguru egin ditu, bizikletan, laneko joan-etorriekin. Lasaon egiten du lan, eta Landetan Anderrek.

Pixkanaka osatuz doan herriko bidegorri sarearen ohiko erabiltzaileak dira bi anaiak. Gustura erabiltzen dituzte bidegorriak, baina Europa erdialdeko ereduari kaso gehiago egitea nahiko lukete. Garmendiatarren ustez, inbertsio handirik gabe, "borondatearekin eta soluzio sinpleekin, asko egin daiteke"; horren adibide Zelai Luzen egindakoa litzateke, gehienezko abiadura 30 kilometrora mugatzea. Sarean barreiatuta informazio eta eredu andana dagoela diote, "baina ikusten dugu hori ez dela hona iristen". Europako bizikletazaleen mugimendu horretara leihoa zabaltzea, horra hor Bizikletan Bizi-ren beste erronka bat.

Sare bizia

Bizikletan Bizi pixkanaka gorpuzten doan egitasmoa da. 2014an kalera salto egiteko asmoarekin, orain arte batik bat Interneten eman ditu pausoak.

2012ko azken txanpan eskuratu zuten Garmendia anaiek webgunea sortzeko domeinua. Harrezkero tarteka egin ahal izan dute lan webaren proiektuan, baina urte honetan martxan izatea espero dute. "Hasteko adina eduki eta material badugu, behintzat", azaldu du Anderrek. Bitartean, Facebookekin moldatzen dira. E-posta ere badute: bizikletanbizi@gmail.com.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide