"Kontzentrazio honetan elkartu garenok erabat arbuiatzen ditugu asteazkeneko operazio politikoaren ondorioz izandako atxiloketak; operazioan Euskal Preso Politikoen Kolektiboarentzat bitartekari lana egiten duten hainbat pertsona eta presoen abokatu gisa dihardutenak eraman zituzten.
Gure ustez, operazioarekin erantzun egin nahi diote duela egun gutxi ezagutu den Preso Politikoen Kolektiboak egindako debateari eta hartutako erabaki garrantzitsuei. Gainera, atxilotuek parte hartu zuten espetxetik ateratako presoekin Durangon izan zen ekitaldi publikoan. Nabarmena da estatuko gobernuak ez duela bake prozesuan ekarpen positiborik egin nahi; aitzitik, prozesuak aurrera egin dezan galaraztea beste helbururik ez dauka; era berean gertatu zen, adibidez, Bateragune deituriko auziarekin 2009ko urrian -Rubalcaba barne ministroa zelarik- edo, duela gutxi, Herrira mugimendu sozialaren aurkako operazioarekin. Hain zuzen, atxiloketa hauekin gure herrian etsipena zabaltzea lortu nahi du, eta kriminalizatu, batetik presoei ematen zaien laguntza eta bestetik espetxeratuek pairatzen duten eskubideen urraketa salatzea.
Eta hori guztia gutxi ez eta biharko Tantaz Tanta ekimen erraldoia debekatzen dute. Milaka lagunek parte hartu izan duten ekimen erraldoia, giza eskubideak, irtenbidea eta bakea lelopean egitekoa zen ekimena. Esanguratsua da lelo horren aurkako debekuarekin agertzea orain. Ez dago esplikazio gehiago eman beharrik.
Instituzio ororen eginkizuna da jendarteari bere arazoak konpontzen laguntzea. Estatuan ere halaxe izan beharko luke. Horregatik, gure herrian gertatzen ari diren aurrerapauso objektiboak eragozten tematzeko jarrera hori soilik era batean uler daiteke, ahulezia politiko gordinaren adierazpen gisa. Badirudi estatuak eta bere aparatuek erabaki dutela ez daukatela ezer irabazteko elkarrizketa eta Euskal Herriarentzako soluzioen agenda batekin. Horregatik, ezin gara saiatu operazio eta debeku hauei azalpen arrazionalik bilatzen. Egoera hau ikusirik, bakearekin tematuta gaudenok aukera bakarra dugu, orain arteko moduan oztopo eta zailtasunak gainditzeko lanari eustea alegia. Horixe da gure asmoa eta erantzukizuna. Zehazki, ezinbestekotzat jotzen dugu euskal preso politikoen eskubideekiko errespetua prozesuak aurrera egin dezan.
Biharko deialdi berri bat egin da, Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean arratseko 6etan Bilboko La Casillatik irtenda. Deitzaileak: Sortu, EAJ, EA, Alternatiba, Aralar, Geroa Bai, ELA eta LAB.
Azpeititik autobusak arratseko 4etan irtengo dira anbulatorio aurretik. Izen-ematea Orkatzen dago".