Nahi zuen lekuan dago profeta

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko urt. 15a, 17:31

Ignacio LarraƱaga zena, hitzaldi batean. (Bizitza tailerrak)

Ignacio Larrañaga azpeitiar kaputxinoa oso ezaguna izan da munduan zehar; haren mezuek estadio osoak bete izan dituzte. Urrian hil zen, baina 18.000 lagunek zabaltzen jarraitzen dute haren mezua. Urola Kostako Hitza-k haren legatuari buruzko erreportajea argitaratu du; Uztarria herri aldizkariak 2008ko urriko zenbakirako elkarrizketatu zuen Larrañaga.

Hogeigarren mendeko profeta. Hala deitzen zioten Ignacio Larrañaga Orbegozo apaiz kaputxino azpeitiarrari (1928-2013). Bizitza osoa eskaini zuen herritarrek "zoriontasunarekin bat egin eta Jainkoa ezagutu eta gizatiartu" zezaten, eta lanketa horren fruitua zenbaezina da. Jainkoaren esperientziaz topaketak saioen sortzaileak milaka lagun elkartzen zituen hitzaldi bakoitzean, eta hark idatzitako liburuak hamaika hizkuntzatara itzuliak izan dira; arlo horretan ez ezik, psikologian ere erabili izan dituzte bere idatziak. Bizitza tailerrak bost kontinenteetan hedatu zituen apaizak, gainera, eta mundu zabalean 18.000 lagun utzi ditu bere mezuak gizarteratzen. Urriaren 28an hil zen Mexikon, eta Santiagon, Txileko hiriburuan, eman zioten lur milaka lagun eta kardinalen aurrean.

Azpeitian, Munategi auzoko Txanton baserrian jaio zen Larrañaga, eta haren irudiak presente jarraitzen du jaiotetxean. Apaizaren argazkiak nonahi ikus daitezke, senideek hari dioten miresmenaren seinale. Han hartu dute Urola Kostako Hitza Mari Carmen Larrañaga arrebak eta Itziar Larrañaga lagun azkoitiarrak. Biek ala biek Bizitza tailerrak eskaintzen dituzte Azkoitian eta Azpeitian.

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean irakur daiteke.

Uztarria herri aldizkariak 2008ko urriko zenbakirako elkarrizketatu zuen Larrañaga.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide