Ez nuke esango beldurtia naizenik. Nire memorian gordeta ditudan oroitzapen urrunenak errepasatuta, kalean beti lasai eta gustura ibili izan naizela esango nuke, bai umetan, bai nerabezaroan eta baita helduxeagotan ere. Une ilun batzuk baditut buruan, besteak beste Alcasserren (Herrialde Katalanak) hiru neska hil zituztenekoa eta horren ondorioz autoestopa egiteari utzi genionekoa. Baina orduan ere ez nuen barne-barneko beldur hori sentitu, horren kontzientziarik ez daukat orain behintzat. Bai, emakume gisa ari naiz hizketan, emakume, andre, gazte, edo nerabe bezala, eta eraso sexisten inguruko beldurraz.
Azkenaldian, ordea, barne-barnean zerbait mugitzen ari zaidala sentitzen dut. Amaia Azkueren hilketa gertatutakoan sentitu nuen aurrenekoz: etxetik oso gertu, neu sarritan oinez edo korrika ibiltzen naizen gune batean gertatu zen erasoa, eta horrek neureganatu egin zuen arriskua. Ondorengo hilabeteetan ez nintzen ausartu korrika bakarrik joaten, arriskutsua iruditzen zitzaidalako.
Kostaldean izandako erasoek ukitu ninduten hurrena. Besteak beste, Getaria eta Zarautz artean gertatutako bortxaketa batek. Berriz ere neu ibilitako toki bat, neure imaginarioan sartutakoan, eta berriz ere barru kolpe bat.
Eta hurrengoa are gertuago tokatu zait. Etxe atarian. Azpeitian bizi nintzeneko nire auzoan bertan, beste eraso bat, orain dela aste batzuk. Neuk hartzen dudan autobus batetik jaitsita, neu ia egunero ibiltzen naizen espaloietatik pasata, ia egunero ikusten dudan bebarruan. Eta are dardaratsuagoa izan da barruko saltoa.
Emakumeok, emakume izateagatik, zoritxarrez gure-gurea dugun beldurraz ari naiz. Jasan behar dugun beste eraso horretaz. Baina arazo soziala da indarkeria matxistarena, eta eragile guztiek hartu beharko genuke parte bere aurkako dinamiketan: hezkuntzan, administrazio publikoetan, kalean, eta norberak bere inguruan eta barrenean. Andra nahiz gizon. Berdintasunean hezi, erasoak salatu eta autodefentsa landu. Emaitzak bat-batean ez dira sumatzen, baina ez dago beste biderik. Guztiona da ardura, eta guztiok hartu behar dugu esku.
Baina zer diren gauzak: guztion esku-hartze hori bestelako barne zulo bat eragiten ari zait azkenaldian, bestelako kezka bat. Adin txikikoenganako ustezko exhibizionismo kasu bat ikertzen ari da Ertzaintza bailaran, eta sare sozialetan eta Whatssap bidez mezu ugari jaso ditut egunotan, kasu hori salatzeaz haratago, ustezko exhibizionista horren jatorria aitzakia hartu eta mezu xenofobo eta arrazistak zabaltzen dituztenak: Jende hori dana hemendik bialtzeko garaixe da!, Moro hoyek danak sutea!, eta horrelakoak, barra-barra. Ez naute larritzen irain, maldizio edo amorruzko hitzek; gisa horretakoen berri izandakoan neuri ere sortzen zait amorru eta eraman ezin hori, eta neu ere hasi izan naiz putasemeka. Kezkatzen nautenak bestelakoak dira: Jende hori dana, Moro hoyek danak, eta gisa horretakoak. Ez genituzke gauzak nahastu behar. Estatistikek argi erakusten dute erasotzaileen profilak ez duela zerikusirik arraza, adin edo maila sozialarekin. Nik aipatutako kasuak ikusi besterik ez dago.
Ez nuke beldurti bilakatu nahi, ez erasoen beldur, ez eta arrazismo eta xenofobiak gurera ekarri ditzakeen muturreko ondorioei beldur ere. Ikaraz bizitzea baino gauza latzagorik ez dagoelako. Ez daukat formula magikorik, baina jarrera kontua ere badela sinestuta, autodefentsa feminista ikastaro batean apuntatuko naiz eta sen onaren aldarria egingo dut. Nire memorian gordeta ditudan oroitzapen urrunenak errepasatuta, kalean beti lasai eta gustura ibili izan naizenaren sentsazioa izaten jarraitu nahi dudalako.