Garbiñe Oiarzabal: "Asteburua gerturatzen denean urduri jarriko naizela uste dut"

Uztarria.eus 2014ko urt. 16a, 13:46

Garbiñe Oiarzabal, Oñatzbideko gastadoreen zuzendaria, eta taldeko danbor jotzaileak astearteko entseguan.

Duela bi urte, San Sebastian bezperako helduen danborradan atera zen aurrenekoz Oñatzbideko gastadoreen danbor taldea. Sansebastianak ate joka dira eta prestaketa lanetan zein entseguetan buru-belarri dabiltza helduen danborradan parte hartuko duten 26 elkarte zein taldeetako kideak. Urteroko legez, danbor jotzaile, zuzendari eta kantinera nahiz banderadun berri ugari izango da aurtengo danborradan ere, eta Oñatzbideko gastadoreek ere zuzendari berria izango dute: Garbiñe Oiarzabal (Azpeitia, 1989). Azken entseguaren atarian Uztarria.com-ek Oiarzabalekin hitz egin du.

Nolatan iritsi zaizu zuzendari izateko proposamena?

Berez gastadoreen taldean zuzendari lanetan aritzen dena bajan dago, eta ezin du danborradan irten. Nire ahizpa Oñatzbideko gastadoreen taldeko danbor jotzailea da, eta horregatik proposatu zidaten niri zuzendari izatea.

Nola hartu zenuen proposamena?

Sorpresa izan zen ahizpak norbaiten bila zebiltzala eta irten nahi al nuen galdetzea. Zalantzan ibili nintzen, baina baietz esan nuen eta gustura nago orain.

Zuzentzen aterako zaren aurreneko aldia al da?

Bai, zuzendari bezala aurrenekoz aterako naiz igandean. Danborra jotzen atera izan naiz Itsasi taldetik urteetan. 18 urte nituenetik, hain zuzen.

Bi entsegu egin dituzu.

Ondo joan dira. Hasieran urduritasun puntua nuen, baina kantuak hasi zirenean, ja ondo.

Inork erakutsi al dizu zuzentzen?

Neuk ikasi dut zuzentzen. Maitek, gastadoreen ohiko zuzendariak, partitura batzuk-eta eman zizkidan, baina batez ere neure kabuz ikasi dut. Bestalde, Udal Musika Bandako kide ere naiz eta urtero danborradako kantuak jotzeak ere lagundu dit ikasten.

Igandea gerturatzen ari da...

Oraindik urruti ikusten dut. Lanean nabil eta ez naiz ari horretan pentsatzen. Baina, asteburua gerturatzen hasten denean, zapatu aldean-eta, urduri jarriko naizela uste dut.

Zein kantu gustatzen zaizu gehien?

Zaila da bat aukeratzea, baina bat esatekotan Soreasuko Sebastian aukeratuko nuke. Parrokian jotzen den unea ederra izaten da. Asko gustatzen zait une hori. Hala ere, Sansebastian martxa ere gogoko dut.

Zuzentzeko piezarik zailena?

Goizeko izarra. Kantu berriagoa da, eta oraindik...

Gustukoen duzun abestia?

Denak gustatzen zaizkit. Ez dago besteak baino gehiago gustatzen zaidanik.

Eman al diezu taldekideei agindurik?

Oraindik ez. Jai gauean, igoal, eman beharko diet (kar, kar, kar)... Baina, momentuz ez dut agindurik eman.

Eta, zer moduzko taldea duzu aurrean?

Ona, oso. Gustura nago. Emakume eta gizonak, denetarik dago, eta talde polita da. 

22:15ean abiatuta, aurrenak joango zarete danborradan.

Bai, hori da. Arraroa egingo zait aurrena joatea, baina beno.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide