Ikastetxeetan danborradak gaur egingo dituzte

Uztarria.eus 2014ko urt. 17a, 11:05

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek arratsaldean astinduko dituzte danborrak, sansebastianetako festaurrea ospatzeko.

Urteroko legez, ikasleak izango dira aurreneko danborraden protagonistak Azpeitian. Sansebastianen aurreko azken eskola eguna baliatuko dute gaur, ostirala, ikastetxeetan ohiko danbor festak ospatzeko. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek arratsaldean astinduko dituzte danborrak.

Goiztiarrenak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzakoak izango dira; Euskal Herria kaleko egoitzan, 15:30ean hasiko dute festa. Lehen Hezkuntzakoen danborrada, berriz, 16:00etan hasiko da, Perdillegin. Eguraldiarekin aparteko gorabeherarik ez bada, bi tokietan jolaslekuetan egingo dituzte danborradak.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin jolaslekuan elkartuko dira ikasle guztiak, Haur eta Lehen Hezkuntzakoak. 16:00etan dute hitzordua. Euria bada, berriz, aretoan izango litzateke danbor festa.

Iraurgi Ikastetxean, azkenik, ateri bada Betharrameko jolaslekuan guztiek batera egingo dute danborrada, 16:00etan hasita han ere. Euria eginez gero, ordea, Haur Hezkuntzakoek Milagrosako egoitzan eta Lehen Hezkuntzakoek Betharrameko frontoian egingo lukete, 16:00etan eta 16:30ean hasita, hurrenez hurren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide