Kataluniatik Azpeitira, danborradan parte hartzeko

Uztarria.eus 2014ko urt. 17a, 19:07

Carles Sanchez eta Antonio Hernandez, Azpeitiko saninazioetan. Aurten sansebastianak ezagutzea tokatzen zaie.

Hemengo lagunak tarteko, Carles Sanchezek eta Antonio Hernandezek ondo ezagutzen dituzte Azpeitiko beste festak, baina sansebastianak falta zitzaizkien, "pokerra osatzeko". San Sebastian bezperan, Itsasirekin irtengo dira danborradan. Bartzelonan, Uztarriaren sareko pieza bildumarekin eta janari txinatarraren makiltxoekin entseatu dute. "Igandea iritsi eta festan parte hartzeko amorratzen gaude".

San Sebastian bezperako danborradan parte hartuko duten ehundaka lagunen artean ez dira gutxi izango festan lehen aldiz aterako direnak. Horietako bik, behintzat, kilometro asko egin dituzte festan parte hartu ahal izateko. Carles Sanchez Ramos eta Antonio Hernandez Sabadellekoak (Herrialde Katalanak) dira, Bartzelonan bizi dira, eta dagoeneko Azpeitian daude, urtarrilaren 19ko festa noiz iritsiko zain. Hemengo lagunak tarteko, izan ere, ondo ezagutzen dituzte Azpeitiko beste festak, baina sansebastianak falta zitzaizkien, "pokerra osatzeko". Uztarriak haiekin hitz egin du.

Danborradarako entseguetan izan al zarete?

Azken entsegura joan ginen, ostegunean. Eta, egia esan, egundokoa izan zen eskailerak igo, frontoira iritsi eta horrenbeste jende han elkartuta ikustea.

Zer iruditzen zaizue danborrada, ekitaldi bezala?

Adin desberdinetako hainbeste jende batera danborra jotzen ikusteak zirrara eragin digu. Bartzelonan Ekain Artolarekin bizi ginenean ezagutu genuen danborrada zer zen. Urte hartan Ekainek Internetez jarraitu zuen danborradaren emanaldia, bere zoritxarrerako ezin izan zuelako Azpeitira etorri. Gainera, argazkiak ere ikusi ditugu Facebooken, eta horrek etortzeko are eta gogo handiagoa sortu digu. Igandea iritsi eta festan parte hartzeko amorratzen gaude.

Eta nola sortu zitzaizuen festan parte hartzearena?

Azken santomasetan sortu zen dena. Ekain Artola izan zen parte hartzeko erronka bota ziguna, Azpeitiko festen artean ezagutzen ez genuen bakar horretan parte hartzeko erronka. Eta Ander Alkortaren gonbidapenari esker, Itsasiko taldearekin aterako gara. Euskaldun petoen erara izan zen dena, "ez daukazuela potrorik?", kar, kar, kar. Egia esan, zorionekoak gara, horrelako pribilegioa izateagatik.

Lehendik ere ezagutzen duzue, beraz, Azpeitia. Noiz etorri izan zarete?

Ekain [Artola] ezagutzen dugunetik behin baino gehiagotan etorri izan gara Azpeitira, hemen dituzuen festa nagusi bikainetara. Saninazioetan etortzen hasi ginen, gero karnabalak eta santomasak etorri ziren, eta sansebastianak bakarrik falta zitzaizkigun, pokerra osatzeko.

Danborradari dagokionez, lagunak aholkurik eman al dizue?

Ekainek Uztarriaren Souncloud-eko lotura bidali zigun, Bartzelonan piezak ikasi genitzan; janari txinatarrarekin etortzen diren makiltxoekin entseatu dugu, kar, kar, kar. Horrez gain, aholku bakarra eman digu: festaz gozatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide