"EAJren jarrera politiko arduragabekoa" kritikatu du Udal Gobernuak

Uztarria.eus 2014ko urt. 22a, 19:03

Jeltzaleek 2014rako aurrekontuak osatzeko prozeduraren gainean luzatutako kritikari erantzun dio EH Bilduk. "Udal barnean lantzen ari diren proiektuak egunkarietan argitaratzea" aurpegiratu diote EAJri. Aurtengo aurrekontuek atzerapena dutenik ukatu eta "hasieratik eta publikoki hartutako egutegiaren arabera onartuko" dituztela berretsi du Udal Gobernuak.

Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduk "EAJren jarrera politiko arduragabekoa" kritikatu du, Udalean 2014rako aurrekontu proiektua lantzen ari diren honetan "eztabaida hutsean dauden proiektuak publiko egiteagatik". Gaur, asteazkena, plazaratu duen oharrarekin, Udal Gobernuak EAJk aurreko astean luzatutako kritikari erantzun dio.

EAJk "udal gorbenuaren asmo zehatzak" oraindik ez ezagutzea eta "azalpen orokor bat bakarrik" ezagutzea aurpegiratu zion, besteak beste, EH Bilduri. "Azalpen orokor" horrekin lotuta zenbait proiekturen aipamena ere egin zuen eta horixe da, hain zuzen, Udal Gobernuak jeltzaleei bereziki kritikatu diena: "Ezin da ulertu -dio Udal Gobernuak oharrean-, gardentasun osoz jokatzen denean, ezer ezkutatu gabe, Azpeitian ardura instituzionalak izatea nahi duen alderdi batek udal barnean lantzen ari diren proiektuak egunkarietan argitaratzea. Azpeitiarren ongizatea bilatzen duenari ardura suposatzen zaio, eta etekin politiko merkerik ez bilatzea". "Akordioaren eta adostasunaren bidea lantzeko" borondatea azaldu, "baina batzordeetan proposamenak egin beharrean, prentsara salto" egitea egotzi dio EH Bilduk EAJri.

Bestetik, aurtengo aurrekontuek atzerapena dutenik ukatu du Udal Gobernuak. "Hhasieratik eta publikoki hartutako egutegiaren arabera onartuko" dituztela berretsi du, "besteak beste, Denon Artean prozesuaren bidez herritarren parte-hartzea bermatzea nahi baitugu. Eta herriarentzat garrantzia berezia duten proiektuen inguruko ekarpenak jaso". EAJk aurrekontuen atzerapena mahai gainean jarri duela eta, "benetan? Zuen taldea Gobernuan izan den urte luzeetan noiz onartzen zenituzten ahaztu al duzue?" galdetuz erantzun du EH Bilduk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide