Zuhurtzia osoz, baina itxaropentsu atera dira gaur epaiketatik Corrugados Azpeitia eta Lasaoko ELA eta LABeko langile ordezkariak eta abokatuak. Madrilgo Auzitegi Nazionalean 09:45ean hasi da saioa eta, epaileak hala eskatuta, bi alderdien desadostasunetan zentratu dira abokatuen mintzaldiak. Izan ere, froga dokumentalez gain aldeek dituzten argudioak entzun nahi izan ditu, epaia dokumentu horietan oinarriturik hartuko duen arren.
Bi lantegietako abokatuek orain artekoa defendatu dute gaurkoan ere: lantegien bideragarritasuna eta enpresaren negoziaziorako blokeoa. "Hasieratik, nahitaez onartu beharreko klausulak inposatu dizkigutela adierazi dugu eta negoziatzeko aukerarik ez digutela eman", ohartarazi dute ELA eta LABeko langile ordezkariek, irteeran. "Eurek gure greba hartu dute blokeorako aitzakiatzat", haatik, klausula horiek izan ziren 2012ko ekainaren 15ean hasi eta sei hilabetera arte luzatu zen grebaren arrazoi nagusiak: 60 langile kaleratzea, soldatak %35 jaistea, urteko lanaldia 49 ordu gehiagokoa izatea eta enpresan geldituko liratekeen langileei urte bukaera arteko suspentsioko lana erregulatzeko txosten bat ezartzea.
Gallardok argudio ahulak
Langile ordezkariek adierazi dutenez, Gallardo taldeko abokatuek argudio ahulak eta faltsuak eman dituzte epaiketan zehar. Azpeitiko langileen kasuan, abokatuek gogora ekarri dute enpresak material eskaerei uko egin izan diela, Paraguaitik jaso zuten 150.000 tona materialeko eskaera, kasu. Gallardoren abokatuak argudiorik gabe ikusi dituztela adierazi dute langileek.
Bestetik, Gallardok Lasaoko lantegia espainiar estatuan saltzen duen enpresa bezala aurkeztu duela adierazi dute, "Lasaoko salmenten %87 Frantzian egiten denean". Argudio horrekin, lagileen ustez, "argi ikusten da gezurretan ari direla eta aitzakia horrekin kaleratu zituztela Lasaoko langileak".
Balorazio positiboa
Epaiketa amaieran, fiskalak hitza hartu eta langileen alde egin du, Gallardo Taldeak Konstituzioko artikulu baten aurka egin duela argudiatuz; ez du zehaztu, ordea, zein artikuluri buruz ari den.
Epaiaren zain dira, beraz, aldeak. Fiskalak euren alde eginda ere, langileak jakitun dira erabakia, azkenean, epailearen esku dagoela. "Irabazita ere, badakigu enpresa honekin ez goazela inora, Auzitegi Gorenera joko bailuke, orain arteko epaiekin egin izan duen bezala".
Edonola ere, langile ordezkariak LABeko nahiz ELAko abokatuen lana nabarmendu dute. Bestetik, Corrugados Azpeitian sortu zen Corrugados Bai langile batzordeko ez ordezkaririk, ez abokaturik, ez dela agertu ohartarazi dute, "horrekin erakutsiz ez zutela epaiketa honetaz ezer jakin nahi". Epaiketara, Extremadurako lantegiko langileen ordezkaririk edo abokaturik ere ez dela agertu adierazi dute.