Zeintzuk dira disko berriak ezkutatzen dituen eguzki-sekretuak?
Diskoaren sekretu guztiak modu esplizituan ageri dira abestietan, eta, batez ere, doinukeran. Taldearen ibilbidean doinu molde jakin batzuk bilatzen aritu gara, eta disko honetan inoiz baino nabarmenagoa izan da. Taldearen progresioak eta eboluzioak gure doinu propiorantz eraman gaitu. Zentzu horretan, aurreko diskoekin alderatuta, honakoa helduagoa da. Askoz ere gusturago sentitu gara estudioan, baita ekoizlearekin egindako elkarlanean ere. Tony Visconti izan dugu ekoizle eta, egia esan, kristorena izan da harekin lan egin ahal izatea. Gure idoloek sortutako disko askoren atzean bera egon zen, dela David Bowie dela T. Rex.
Paradoxikoa dirudi Viscontirekin lan egitea, David Bowieren Ziggy Stardust diskoaren omenaldi bira egin ondoren, ezta?
Oso modu naturalean sortu da guztia. Itzulia eman eta itxi den ziklo bat izan da taldearentzat harekin lan egitea. Gure oinarrizko erreferentzien eta eraginen atzean Visconti bera egon zen soinu mahaian. Gure disko gogokoenen sortze prozesuak lehen pertsonan bizi izan zituen… Paradoxikoa baino gehiago, bilakaera naturala izan da. Noizbait etorri behar zuen eta orain iritsi da.
Errespetu handiko elkarlana izan dela dirudi, behintzat.
Hala izan da, zalantzarik gabe. Elkarren artean errespetu handia sortu zen hasiera-hasieratik, baita elkarrekin lan egiteko gogo bizia ere. Hark talde berri bat ikusi zuen gugan, musikari klasiko horienganako miresmena zuen talde bat, eta, era berean, doinu berri bat eskaintzen duena rock-and-rollaren esparru zabalean. Gure aldetik, bera bezalako izar batekin aritzea itzela izan zen. Oso pertsona gertukoa da, eta maisu handia benetan.
Gehiago irakurtzeko egin klik hemen.