Ekintzailetasuna sustatzeko, 'Proiektuen Azoka' izango da hilaren 31n

Urolab laborategia 2014ko urt. 30a, 12:58

Urola(b) mugimendua, mugimendu herritarra da. Ekintzailetasuna nagusi duen mugimendua, hain zuzen ere.

Mugimendua abian jartzeko, abenduaren 9an batu ginen Sanagustin kulturgunean, hainbat kurioso eta ekintzaile. Egia da edozeinek esan zezakeela, sortu genuen lan taldeak, itxuraz, ez zuela inolako lotura eta koherentziarik. Baina, guztiok ezaugarri komun bat daukagu: ekintzaileak garela. Gauzak horrela, gure eskualdean ekintzailetasuna bultzatzeko talde ireki bat sortu dugu. 

Mugimendua aurrera eramateko 12 hilabete, 12 ekintza ekimena martxan jartzean bururatu zaigu.

Hona hemen lehenengoa: U31 Proiektuen Azoka.

Bihar, hilak 31, ekintzailetasunaren aldeko azoka izango dugu Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean. Ekintzailetasun kultura bultzatzeko helburuarekin Urolab mugimenduak antolatutako ekitaldia izango da.

Bertan gure bailarako hainbat ekintzaile, erakunde, elkarte nahiz ikasle elkartuko gara: Ukabi Informatika Zerbitzuak Beat and Chat proiektuarekin, Elkar-Ekin elkartea, Khamar Saharar herriaren aldeko elkartea, Iraurgi Berritzen, Etchola Atelier, Basque OSE motokultore irekiaren proiektuarekin… eta Urola(b) bera ere, han aurkeztuko dugu.

Proiektuen aurkezpenak 17:00etan hasiko dira, eta mahaiz mahai azalduko dira horiek, jendaurrean. Amaieran, pintxo-poteoak lagunduta amaituko da topaketa.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, bisitatu www.urolab.eus webgunea edota jarri kontaktuan urolabtaldea@gmail.com postaren bitartez biharko ekitaldira entzule gisa etortzeko.

Animatu topaketetan parte hartzera! Sanagustin Kulturgunean ikusiko dugu elkar!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide