Enplegua sustatzeko bideratutako diru-laguntzen balorazio "positiboa" egin dute Udalak eta Azpeitia Lantzenek

Uztarria.eus 2014ko ots. 6a, 13:44

Ezkerretik eskubira, Iñaki Portilla zinegotzia, Eneko Etxeberria alkatea eta Iñaki Zabaleta Azpeitia Lantzeneko kidea.

Enplegua sustatzeko 700.000 euro bideratu ditu Udalak 2013an, eta hainbat diru-laguntza banatu dute enplegua bultzatzeko, berrikuntzarako eta dibertsifikaziorako zein ekintzailetasuna sustatzeko. Ildo horri jarraituz, 2014an ere ekonomia sustatzeko 900.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztuko du udal gobernuak.

2013an ekonomia sustatzeko bideratutako diru-laguntzen balorazio "positiboa" egin dute gaur, osteguna, Iñaki Portilla Sustapen Ekonomiko eta Industria zinegotziak, Eneko Etxeberria alkateak eta Iñaki Zabaleta Azpeitia Lantzeneko kudeatzaileak. "Jendeak erantzun egin du eta aurten ere esfortzu berezia egingo dugu alor horretan. Horrenbestez, eta egoera aldatu ez denez, Udal gobernuak 900.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztuko du 2014rako", azaldu du Etxeberriak. Azpeitia Lantzenek kudeatu du ekonomia sustatzeko plana, eta 2013. urtean 700.000 euro erabili dituzte Azpeitian enplegua bultzatzeko, berrikuntzarako eta dibertsifikaziorako, ekintzailetasuna sustatzeko zein formaziorako.

Eneko Etxeberriak azaldu duenez, "herritarren kezka nagusiak ekonomia eta gizarte zerbitzuak direla argi ikusi dugu bai Plan Estrategikoa gauzatzerakoan eta bai Denon Artean aurrekontu parte-hartzaileak osatzeko prozesuan. Esfortzu handia izan da 700.000 euro sustapen ekonomikora bideratzea, diru kopuru hori beste nonbaitetik kendu behar izan dugulako, baina orain herritarrek hainbat tresna eskuragarri dute, ez da guztiaren soluzioa, baina zalantzan dauden herritarrek hor dituzte laguntza jasotzeko baliabide publiko batzuk".

Udalak ekonomia sustatzeko planaren barruko diru-laguntzak ematerakoan lau lerro bereizi ditu: Gipuzkoako enpresek azpeitiar langabetuak kontratatzeagatik jasotako diru-laguntzak, Enpresa berriak sortzeko diru-laguntzak, ekintzailetasun zentroa eta proiektu berriak martxan jartzeko lokalak uztea, eta baserritarrentzat eta merkatarientzat diru-laguntzak. Orotara 41 eskari jaso dituzte 2013an, eta horietatik 39 onartu dituzte. Guztira, 182.594 euro banatu dituzte eskaera onartu zaien herritarren artean.

Hemen lerroz-lerro 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako diru-laguntza eskariak eta onarpenak:

  • Langabetuak kontratatzeagatik laguntza: Enplegu txekea. Gipuzkoako enpresek bi azpeitiar langabeturi mugagabeko kontratua egiteko diru-laguntza eskatu zuten, eta biak onartu ziren.
  • Ekintzailetasun zentroa eta proiektu berriak martxan jartzeko lokalak uztea: Alokairua-eta ordaintzeko hamabi eskari jaso, eta guztiak onartu ziren.
  • Enpresa berriak sortzeko diru-laguntzak: 32 eskari jaso zituzten guztira, eta horietatik 30 izan dira jarduera berriak. Izan ere, eskaera egin duten bi enpresak proiektu estrategikoa aurkeztu zuten. 
  • Baserritarrentzat eta merkatarientzat diru-laguntzak: Sei eskari izan dira, eta lau lanpostu sortu dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide