"Denek euskaraz ateratzen dute gidabaimena gure autoeskolan"

Gipuzkoako Hitza 2014ko ots. 7a, 17:04

Azpeiti autoeskolako Maite Agirrezabala eta Miren Etxaniz elkarrizketatu dituzte Gipuzkoako Hitza-n, Nor bere ofizioan sailaren barruan.

Dagoeneko 37 urte pasatu dira Maite Agirrezabalak (Azpeitia, 1954) autoeskolako lanbidea barrutik ezagutu zuenetik. Ordutik, ofizio eta ogibide bihurtu du, eta, gaur egun, Azpeitiko Loiola etorbidean dauka eskola, Azpeiti autoeskola. Iazko apirilean ireki zuen, eta, ordutik, bertan ari da lanean Miren Etxaniz (Azpeitia, 1983) lankidearekin batera. Teoriako nahiz praktiketako irakasle lanak egiten dituzte biek: "Bata zein bestea gustura egiten ditugu".

Lantegi bateko bulegoan lan egiten zuen Agirrezabalak, baina 1975. urtean lanik gabe geratu zen, eta orduan, urtebete hala egon ondoren, okindegi batean hasi zen lanean. Goizean goiz ogia egin eta inguruko herrietan banatzen zuela azaldu du azpeitiarrak. Baina anaiak autoeskola bat dauka Zumaian, eta, hark animatuta, autoeskolako irakasle izateko titulua atera zuen.

"Titulua eskuratu ondoren, Azkoitiko Etxaniz autoeskolan hasi nintzen lanean; bertan hiru urte egin nituen, eta, ondoren, anaiaren gidari eskolan 28 urtez lan egin dut. Gero beste autoeskola batzuetan ere aritu naiz ordezkapen batzuk egiten, baina lanik gabe geratu nintzen, eta, langabezia saria ere amaitzen ari zitzaidanez, iazko apirilean Azpeitian autoeskola bat zabaltzea erabaki nuen", azaldu du. Autoeskolak urtebete soilik izan arren, hainbat urtetako esperientzia dute bertako langileek.

Elkarrizketa osoa irakurgai, Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide