Ikasleen azterketa sasoietan ohikoa bihurtu denez, Loiolako Santutegian dagoen liburutegiak joandako asteetan hainbat asteburuz ateak irekita izan ditu. Hain zuzen ere, abenduaren 6tik urtarrilaren 20ra arteko zazpi asteburuetan hala nahi izan duten herritarrek eskura izan dute Loiolako liburutegian ikasteko aukera. Eta ez dira gutxi izan aukera hori baliatu dutenak. Liburutegiko arduradunek eta Azpeitiko Udalekoek gaur, ostirala, jakinarazi dituzten datuen arabera, 758 erabiltzaile izan ditu liburutegiak aipatutako aste bukaeretan.
Zenbaki hori erregistroa egin dutenena da, baina erabiltzaileak guztira gehiago izan direla azaldu du Olatz Berasategik, Loiolako liburutegiaren eta Artxiboaren zuzendari nagusiak: "Liburutegira sartzeko txartelaren zenbakia idazteko eskatzen dugu, datu hauek gure kontrol-paperetik ateratakoak dira; baina etortzen diren denek ez dute egiten eta, beraz, esan daiteke gehiago direla liburutegia erabili dutenak".
Datuak asteburuka errepasatuta, urtarrilekoak abendukoak baino askoz jendetsuagoak izan direla ikusten da. Santomasetako aste bukaera kenduta -bost erabiltzaile besterik ez zituzten zenbatu-, asteburuero gutxienez 50etik gora izan dira liburutegiko zerbitzua erabili dutenak. Jende gehien elkartu zen asteburua, berriz, Erregetakoa izan zen -urtarrilaren 4, 5 eta 6-: 225 erabiltzaile izan zituen liburutegiak egun horietan.
Azpeitikoak bakarrik ez
Datuak "oso onak" direla esaterakoan bat datoz Berasategi eta Mari Jose Iturria, Udaleko Hezkuntza batzordeburua. "Ondasun eta balore kultural garrantzitsua du Loiolak, eta eskualdeko ikuspegi orokorra hartzen du. Horren adierazle garbia da Azpeitiko ikasleez gain, eskualdeko eta kanpoko ikasleak ere etortzen direla", esan du Iturriak. Azkoitia, Zestoa, Zarautz edota Markinatik etorritako erabiltzaileak ere izan baititu Loiolako liburutegiak azken asteburuetan.