Sakabanaketarekin amaitzeko eskaera, gaur Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2014ko ots. 8a, 15:34

Bihar, igandea, 18:30ean plazan Konponbidearen alde, sakabanaketa amaitu lelopean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.

Gaur, zapatua, eguerdian arlo eta adin desberdinetako hainbat lagunek preso politikoen sakabanaketarekin amaitu eta konponbidearen alde lan egiteko beharra aldarrikatu dute. Horrekin batera, bihar, igandea, 18:30ean plazan Konponbidearen alde, sakabanaketa amaitu lelopean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.

Aste honetan bere herritik, Elorriotik mila kilometrora, Puerto I-eko espetxean hil den Arkaitz Bellon presoaren senide eta lagunei "elkartasun osoa" adierazi diete, "gure babes eta berotasuna" helaraziz. "Mila kilometro hauen atzean dagoen errealitateari erreparatzen badiogu, giza eskubideen urraketan oinarritutako espetxe politika gizagabe baten aurrean aurkitzen gara", gaineratu dute.

Euskal Herrian zabaldu den errealitate berrian, sakabanaketa politikari eustea "bidegabea, zentzugabea eta onartezina" dela azpimarratu dute; "gure herriak konponbidea eta bakea behar ditu, giza eskubide guztien errespetuan eraikitako bakea, hain zuzen". Horrenbestez, salbuespeneko espetxe politikarekin, sakabanaketarekin eta "sufrimenduaren soka luze honekin" lehenbailehen amaitzera dei egin dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide