Espainiak 200.000 euro ordaindu beharko dizkio Iraurgi Berritzen agentziari

Urola Kostako Hitza 2014ko ots. 13a, 10:44

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Pello Bastarrika Azkoitiko alkatea eta BegoƱa Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendaria. (Olatz Prat)

2010ean hitzartutako diru laguntza bertan behera uztea bidegabe jo du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Espainiako Gobernuak dirua laster itzultzea espero dute, "epaia horren irmoa izanik, ez litzateke ohikoa Auzitegi Gorenera jotzea".

Espainiako Gobernuak 200.000 euro ordaindu beharko dizkio Iraurgi Berritzen erakundeari, hitzartuta zegoen diru laguntza bati uko egin izana ez baitu bidezko jo Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ebazpen honen berri eman zuten atzo Azpeitiko eta Azkoitiko alkateek eta Iraurgi Berritzen-eko zuzendariak.

Loiola Berrikuntza Fundazioak zenbait proiektu egin ahal izateko beharrezko baliabideak lortu
zituen Espainiako Gobernutik, 200.000 euroko diru laguntza hitzartu baitzuen harekin. 2011ko
hauteskundeen ondoren, ordea, gobernu berriak bertan behera utzi zuen diru laguntza hori. Loiola Berrikuntza-ri bezala, EAEko beste hainbat garapen agentzia eta erakunderi ukatu zioten laguntza; EAEn ordaindu gabe 50.000.000 euro utzi zituen guztira Espainiako Gobernuak.

Laguntzarik gabe geratu ziren gainerako agentziek bezala, epaitegietara jo zuen Iraurgi Berritzen-ek, eta euren aldeko epaia jaso dute orain. "Benetan berri ona" dela adierazi zuen atzo Azkoitiko alkate Pello Bastarrikak. Bestalde, diru laguntza hori bertan behera gelditu zenean, patronatuko beste kideez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bere laguntza eskaini zion Fundazioari, eta horregatik "orduan bezala, gaur ere" eskertu nahi izan zuen Bastarrikak "haien laguntza eta jarrera".

Iraurgi Berritzen-eko zuzendari Begoña Beobidek azaldu zuenez, "diru hori inbertsioetan, ekipamenduan eta ekipamendu teknologikoetan erabiltzeko asmoa" zuen Fundazioak, eta diru laguntza hori atzera botatzeak "min handia" eman zion Loiola Berrikuntza-ri. Beste erakundeetatik jasotako laguntzari esker aurrera egin ahal izan dutela adierazi zuen. "Gaurko berri honek halako egonkortasun bat ematen digu, eta egin genituen hitzarmenak eta emandako pausoak ongi zeudela baieztatzeko arrazoia ematen digu", azaldu zuen Beobidek.

Loiola Berrikuntza Fundazioko lehendakari eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak ohartarazi
zuen diru laguntza hori hitzartu zen momentuan konpromi soak hartu eta hainbat inbertsio
egin zirela. "Laguntza hori ukatzean hornitzaileei ordaindu ezinda gelditu ginen eta aldundiaren
eta orduan Iraurgi Lantzen zenaren laguntzarekin egoera pasatzea lortu genuen", esan
zuen. Auzitegi Nazionalak arrazoia eman ostean, "gobernu zentralaren arduragabetasun absolutua" salatu zuen Etxeberriak, "proiektu bati laguntza ematea hitzartu eta gero ukatzeagatik". 

Ebazpenak proiektuari "egonkortasun finantzieroa" emango diola uste du Azpeitiko alkateak,
"200.000 euro horiek bailarako garapen ekonomikoan gastatzeko izango baitira, enplegua sortzeko, nazioarteratzea sustatzeko eta hainbat proiektu abiarazteko".

Espainiako Gobernuak dirua laster itzultzea espero dute, "epaia horren irmoa izanik, ez litzateke
ohikoa Auzitegi Gorenera jotzea". Gobernuak hara joko balu ere, "oso zail ikusten dut Gorenak
Auzitegi Nazionalaren aldeko epai horren garbia atzera botatzea", esan zuen Etxeberriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide